«Auzolana gugaino iritsi baldin bada, transmititu delako izan da»
Goierriko lehen emanaldia atzo Ataunen egin ostean, ‘Auzolangiltza’ Zaldibia bizilekuan aurkeztuko du bihar (18:30, udaletxean) Iker Iriartek (Alegia, 1984). Auzolanari buruz da.
Nola sortutako proiektua da?
UEUko jardunaldi batzuetan, auzolanari buruzko gogoeta egin zuten, duela bi urte. Han elkartu ziren Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko jendea, Eusko Ikaskuntzakoak, Tolosaldeko Tolomendi garapen agentziakoak… Nolabaiteko kezka sortu zen auzolanaren kontzeptua bera eta jardunaren beraren gainbehera ikusita.
Kezka bat gizarteratzeko tresna da, beraz, dokumentala?
Lanketa bat egin beharra ikusi zen, eta hiru erakunde horiek martxan jarri zuten Auzolan giltza proiektu pilotua, Tolosaldean. Hango eragileak elkartu, auzolanaren inguruan gogoeta egin, eta XXI. mendera eta gaur egungo herri eta hirietara egokitu eta praktikan jartzea zen asmoa. Dokumentala hor sartzen da, proiektua bera jendearengana zabaltzeko tresna egokia izan daitekeelako. Hor hasi ginen gu dokumentalarekin.
Zein zarete egileak?
Nik neuk eta Pablo Dendaluzek egin dugu. Lehen ere beste dokumental batzuk egin ditugu elkarrekin. Pablo arlo teknikoaz, grabaketaz eta muntaiaz arduratu da gehiago, eta ni gidoiaz eta zuzendaritza lanez.
Erraza izan al da auzolangintzaren kontzeptua irudietara ekartzea eta kontatzea?
Lehenengoan ez genuen baiezkorik eman, kezka nahikoa sortzen baitzigun. Auzolana errespetuz tratatu beharreko gaia zela uste genuen. Dokumentazio lana egin nahi genuela lehenik esan genien, eta guk ere zer ekarpen egin genezakeen aztertu.
Hain eremu zabala baita auzolana, ezta?
Dozenaka dokumental egin daitezke auzolanari buruz, eta guk ere jarri nahi genuen gure aletxoa. Garbi ikusi genuen hasieratik hiru edo lau geruza izan behar zituela dokumentalak. Bat, auzolan tradizionala edo ohiko auzolan deitu zaion horri aitortza moduko bat egitea da. Guganaino iritsi baldin bada, gure aitona-amonek eta lehenagokoek oinordetzan guri pasatu digutelako da, transmisioa egin delako. Hori jaso nahi genuen. Bestetik, gaur egungo auzolan jarduera ezberdinak jaso nahi genituen, izan landa eremukoak, izan urbanokoak.
Zein arlo gehiago ukitu duzue?
Auzolan ez materialari ere keinu bat egin nahi genion. Azken 50 urtean, batez ere, Euskal Herrian egin diren gauza asko –ikastolen sorrera, euskaltegiak, gaztetxeak… ehunka gauza–, auzolanean egin direlako. Hori ere sartu nahi genuen. Azkenik, hemendik kanpo burutzen diren auzolanak ere jaso nahi genituen. Espainian Avilan izan ginen, eta Marokon ere bai; bi lagin horiek ere jaso genituen.
«Gaur egungo auzolan jarduera ezberdinak jaso nahi genituen, izan landa eremukoak, izan urbanokoak»
Zer ekarpen eginda geratu zarete asebeteen?
Aipatutakoez gain, bosgarren geruza bat ere badago, inportantzia handiena eman geniona eta erakargarriena suertatzen zitzaiguna: etorkizunera begira jarrita, geneuzkan intuizio, irudipen, sentimendu sentsazio batzuk plazaratu eta horiei bide eman nahi diegu. XXI.mendeko gizarte-modu honetan, auzo elkarte edo kultur elkarte batek auzolan bat egin behar badu, zer pauso eman behar duen eta zer ematea komeniko litzatekeen jaso dugu.
Zer zehaztu duzue?
Dekalogo moduko bat egin dugu, jende askorekin hitz eginda, legalki eta juridikoki gauzak argi gera daitezen eta auzolan hori eraginkorra izan dadin. Hori liburuxka batean jaso dugu, dokumentalarekin batera, eta goazen tokietara liburuxka ere eramaten dugu. Erreminta polita dela uste dugu jendeari pista batzuk emateko edo auzolan bat antolatzea errazteko.
Auzolanaren ohitura galduxea dagoen seinale ote da horren pautak eman behar izatea?
Batetik, gaur egun askotan ez dakigu nondik hasi ere antolatzen. Bestetik, marko legalak (aseguruak, lege estaldura…) beldurra, errespetua edo are atzerakoa ere ematen digute; nagia. Baina gauzak pasa egiten dira. Auzolan tradizionalean jardun den jendeari eta arlo administratiboagoan jarduten den jendeari entzunez, puzzle moduko bat egiten saiatu gara, jendeari emateko eta errazteko. Gure beste helburuetako bat bazen gure dokumentalaren eta dekalogo horren zabalkundea eta toki ezberdinetara iristea.
«Erreminta polita dela uste dugu jendeari pista batzuk emateko edo auzolan bat antolatzea errazteko»
Auzolanak sortzen al dio jendeari jakin-minik, interesik?
Egia esan, harrituta gaude izan duen erantzunarekin eta zabalkundearekin. Hogei-bat herritan izan gara. Tolosaldetik abiatzen da dokumentala, baina horren arrazoi nagusia da Dendaluze Tolosakoa dela eta ni alegiarra, nahiz orain Zaldibian bizi naizen. Gure gertueneko mundutxotik abiatu nahi genuen, baina gero nazio ikuspegiko dokumental bat eta ekarpen bat egin nahi genuen, baita ere. Ez genuen txokoan geratu nahi. Tolosaldean abiatzen da, baina helburua da berdin ulertzea Bilbo batean edo Oionen, eta agian baita Logroñon ere. Halaxe, martxoaren 9an Avilan bertan daukagu emanaldia.
Goierrira etorri zarete orain. Non dituzue emanaldi gehiago?
Orain arte Gipuzkoan, Nafarroan eta zertxobait Bizkaian ere izan gara. Orain Goierrin Ataunen, Zaldibian emango dugu, eta maiatzean Gabiriara goaz.