'Donostia Abalosen begietatik' erakusketa irekiko dute ostiralean Barrenan
Jose Manuel Abalos margolariak bere hiriari egindako koadroek osatuko dute erakusketa. Egilea bertan izango da. Martxoaren 27ra arte egongo da ikusgai.
Ostiralean Jose Manuel Abalos margolariaren Donostia Abalosen begietatik erakusketa irekiko dute Barrena Kultur Etxeko erakusketa aretoan. 19:00etan izango da irekiera. Egilea bera bertan izango da. Martxoaren 27ra arte egongo da ikusgai.
Donostiari, bere hiri kuttunari egindako koadroek osatuko dute erakusketa. Itsasoak, detaileek eta koloreek presentzia handia dute ikusgai jarriko diren margolanetan. Gipuzkoako Artisten Elkarteko Ohorezko Bazkide izendatu berri dute Abalos. 1947an Donostian jaioa, Arkitektura ikasketak egin zituen Madrilen, eta aldi berean, marrazketa, pintura eta eskultura ikasketak egin zituen San Fernandoko Arte Ederren Fakultatean. Gazte garaian, hainbat tokiko zein estatuko marrazki eta pintura sari jaso zituen; 1981ean, Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketako lehen saria irabazi zuen.
1980ko hamarkadatik aurrera, Chillidaren Donostiako tailerrean grabatu teknikak ikasi zituen, eta Usoa Zumetarekin teknika serigrafikoak ikasi zituen. 1990eko hamarkadatik aurrera, berriz, Donostiako Delta Arten erakutsi izan ditu bere lanak maiz. Arkitektura izan du ogibide eta 1974tik Abalos Arquitectos enpresaren buru da. 2008an, azken 25 urteetan Europan eraikitako hiri-plaza onenaren Philippe Rotthier Europako Saria jaso zuen, Irungo Erromes plazarengatik.
Egilearekin egoteko aukera
Ostiraleko irekiera ekitaldian izango da Abalos. Horrez gain, astelehenean, martxoaren 4an, bisita gidatua egingo du margolariak berak erakusketa gelan, 12:30ean. Bere lanaren eta ibilbidearen inguruko azalpenak emango dizkie gerturatzen direnei.