Lilaldiaren laugarren ekinaldiari hasiera emango diote ostiralean
Ziklikotasunari buruzko hitzaldiarekin hasiko da zikloa. Martxoaren 8a izango da Lilaldiaren muina. Aldarrikapena eta jai giroko ekintzak uztartuko dira egitarauan.
Martxoa estreinatzearekin batera, Idiazabal morez jantziko da. Azken lau urteetan egin duten moduan, Lilaldia zikloa antolatu dute udaleko Berdintasun sailak eta herriko talde eta eragile ezberdinek elkarlanean. Egitarau bateratua antolatzerako orduan, herriko talde eta eragileen prestutasuna «ezinbestekoa» dela aipatu dute udaletik.
Ostiral honetan hasiko dute Lilaldia, ziklikotasunaren inguruko hitzaldi batekin. Hilekoa gai hartuta «ziklikotasunak dituen fase bakoitzeko ñabardurak» ezagutzera ematea da hitzaldiaren helburua. LH5. mailako ikasleei eta haien amei zuzendutako hitzaldia da. Izan ere, saioaren beste helburuetako bat bada, «sortu daitezkeen kezkei eta zalantzei erantzunak eman ahal izateko amek alabei transmititzen dieten ezagutza indartzea». Hitzaldia, Pilarreneako ganbaran izango da, 18:00etatik aurrera. Izena emateko 663 626 196 telefono zenbakira deitu edo berdintasuna@idiazabal.eus helbidera idatzi daiteke.
Martxoaren 5ean, Ana Apika ipuin kontalariak Rol jokoa aurkeztuko du udaletxean, 17:00etan; 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta. «Erantzunkidetasuna edo etxeko lanen banaketa» bezalako gaiak landuko dira.
Aldarrikapena eta jai giroa
Martxoaren 8a izango da, nola ez, Lilaldiaren muina. Egitarau «oparoa» antolatu dute egun horretarako aldarrikapena eta jai giroa uztartuko dituena. Goizean zehar, Aita Iparragirre herri eskolako haurrek horma-irudi bat margotuko du «berdintasuna hitza» osatzeko.
Arratsaldean, 17:00etan, Adin-Etxe jubilatu elkartean txokolate jana antolatu dute bazkide diren emakumeek. Aizan! Idiazabalgo talde feministak deituta elkarretaratzea egingo da plazan. Jarraian, Axari dantza taldeak gidatuta dantza emanaldia izango da; 19:15ean poteo musikatua eta 21:00etan, afaria Elizalde elkartean. Afarirako txartelak Guztan daude salgai 20 euroan.
Apal morea liburutegian
Martxoaren 10ean, berdintasun ihes-gela antolatu dute gazteentzat. Parte hartzeko izena eman behar da gaztelekuan. Martxoaren 11n, Karmele Jaioren Maitasun kapitalak liburuaren inguruko solasaldia egingo dute irakurle taldean, 19:15ean. Martxoaren 12an, Irati Aizpurua abokatuak kontziliazioari buruzko hitzaldia eskainiko du 18:00etan, udaletxean.
Egitarauarekin amaitzeko, martxoaren 15ean, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik ZtandaP antzezlana eskainiko dute guraso elkartean, 19:00etan. Sarrerak astelehenean jarriko dituzte salgai 5 euroan liburutegian. Gainera, hilabete guztian zehar apal morea egongo da liburutegian «feminismoa ardatz duten» liburuz osatuta.