Urretxuko Berit eta Aitube Berri tabernek Euskadiko patata tortilla lehiaketako Gipuzkoako kanporaketan parte hartuko dute bihar
Urretxuko Berit eta Aitube Berri tabernetako patata tortillak herritar askoren kuttunak dira eta adituek ere gustuko dituzte, Euskadiko patata tortilla txapelketako Gipuzkoako kanporaketan parte hartzeko hautatu baitituzte. Kanporaketa bihar (asteazkena) jokatuko da, Donostian.
Javi Quintanak 11 urte daramatza Berit tabernan. “Diego Cuarterorekin hasi nintzen eta ondoren nire kontura jarraitu nuen. Hasieratik patata tortillari garrantzia eman genion. Hasieran Goierri elkartearen tabernan erosten genituen, ez baikenuen sukalderik. Ondoren, gu hasi ginen egiten, kanpin gas batekin. Arrakasta izan zuten eta sukaldea jarri genuen”.
Quintanaren irakaslea bere ama izan zen. “Sukaldaritza beti asko gustatu zait. Amak asko irakatsi zidan eta liburuak ere irakurri ditut”.
Aitube Berri tabernako nagusiak Asier Merino eta Artur Pereira gazteak dira. Duela bi urte eta erdi hartu zuten taberna. “Hasieran gure amek egiten zituzten tortillak. Jendeari gustatu egiten zitzaizkion. Gainera, Javiren tortillek jende asko erakartzen zuten plazara eta horrek ere mesede egin zigun. Hasieran barra pintxoz betetzeko asmoa genuen. Era guzietako pintxoak eta patata tortilla pintxoak: arrunta, gazta eta urdaiazpikoduna eta txakazkoa. Baina tortillek sekulako arrakasta zuten eta gainontzeko pintxoak bota egin behar izaten genituen. Hala, egun tortillak egiten ditugu batik bat”.
Egun, Merinok eta Pereirak egiten dituzte tortillak. “Amak nekatu egin ziren eta guk jarraitzeko garaia zela esan ziguten. Hasieran amek eta Javik lagundu ziguten. Ez diogu elkarri lehiakide bezala begiratzen. Oso harreman ona izan dugu beti”.
Beraiek ere harrituta daude beraien tortillek duten arrakastagatik. “Jende askok galdetzen digu nola egiten ditugun. Sukalde batean egin daitekeen gauza sinpleena da. Kalitatezko produktuak erabiltzea eta mimoz egitea da kontua”, dio Quintanak. Beritekoek Euskaber arrautzak erabiltzen dituzte eta Aitube Berrikoek Campomayor markakoak. Lehenago Lizarraga eta Euskaber markakoak erabili zituzten.
Patatak ere oso garrantzitsuak dira, noski. Patata ultraizoztuak erabiltzen dituzte batez ere. “Ultraizoztuak beti antzekoak dira. Naturalak batzuetan gozoagoak dira, beste batzuetan beltzagoak… Gainera, oso sukalde txikiak ditugu, ez dugu patatak zuritzeko tokirik ere, eta egunero tortilla asko egiten ditugu: zortzi astelehenetik ostiralera eta 15 larunbat eta igandetan. 20 tortilla egin izan ditugu”, gehitu du.
Goizez bakarrik egiten dituzte tortillak. “Bukatzen direnean, kito”, dio Quintanak. “Egiteari utziko ez bagenio, 17:00ak arte tortillak egiten egongo ginateke”, gehitu du Pereirak.
Bi tabernetako tortillak antzekoak direla diote. “Gutxi egiten ditugu. Batzuk apur bat eginagoak nahiago dituzte eta mikrouhin labean sartzen dizkiegu”, azaldu du Quintanak.
Areizaga-Kalebarren plaza patata tortilla zaleen paradisua da. “Askok bi tabernetako tortillak jaten dituzte. Egun batean gurea eta hurrengoan Beritekoa. Gureak bukatzen direnean, Beritera bidaltzen ditugu eta alderantziz”, dio Pereirak.
Herritarrei ez ezik, adituei ere gustatzen zaizkie. “Josema Azpeitiari eta Rafael Garcia Santosi gure tortillak gustatu zitzaizkien eta lehiaketan parte hartzea proposatu ziguten”. Gipuzkoako kanporaketa gaur goizean jokatuko da, Donostian. Hamabi tabernak parte hartuko dute. Hiru onenak finalera sailkatuko dira.
Patata tortilla lehiaketako kanporaketaren ondoren, bakailao tortilla lehiaketako kanporaketa jokatuko da. Quintanak hor ere parte hartuko du. Finalak martxoaren 9an jokatuko dira, Patata Tortillaren Nazioarteko Egunean, Bilbon.