Barrikotearen festa eta Martxoaren 8a, Igartubeitiko agendaren ardatzak
Barrikotearen festak hogeigarren urtea beteko du aurten. Batez beste, 80 bat pertsona biltzen dira urtero sagardoaren festan. ’Emakumeak eta lihoa’ familientzako saioa, martxoaren 9an.
Ekintzaz bete dator martxoa Ezkioko Igartubeiti baserri museoan. Martxoaren 8arekin bat egingo du museoak aurten ere, eta urteroko ohiturari jarraituz, Barrikotearen festa egingo dute martxoaren 16an. Aste Santuko opor egunei begira ere eskaintza berezia prest dute.
Barrikotearen festa izaten da, urriko Sagardo Astearekin batera, Igartubeitik urtean zehar antolatzen dituen ekintzen artean jendetsuenetako bat. Kizkitza Ugarteburu, Igartubeitiko koordinatzaileak esan duenez, 80 bat pertsona biltzen dira bertan, batez beste. Aurten bi hamarkada beteko ditu ekimenak.
Jada desagertua dagoen Ezkioko Yartu kultur elkartea hasi zen sagardo astea eta Barrikotea antolatzen, arik eta Igartubeitik 2018an erreleboa hartu zion arte. Barrikotearen festa ziklo oso baten emaitza da, urrian egiten den sagardo astearekin hasten dena. «Garai batean sagardoa egiteko lanak amaituta egiten zuten festa modukoa da Barrikotea. Guk martxoan egin izan ohi dugu, sagardoak denbora bat behar izaten duelako ontzeko. Aurten, hala ere, beste batzuetan baino aurreratuago dator», dio.
Sagardoa egiteko prozesua ikustarazi eta ezagutzera ematea da festaren helburua, «lan handia dago honen atzean, sagardoa egiteko prozesu hori balioan jarri eta garrantzia eman nahi diogu».
Martxoaren 8ari keinu bat
Hogeigarrena izanagatik, ohiko egitaraua izango da martxoaren 16an. Familia tailerra izango da 16:30ean, eta 17:30ean txotx irekiera, kirikoketa, trikitilariak eta afari merienda. Izena eman daiteke —3 euro 6 urtetik aurrera—; 943 72 29 78 telefonoan edo igartubeiti@gipuzkoa. eus-en. Oraindik aukera dago parte hartzeko.
Aurretik, martxoaren 9an, Emakumearen Nazioarteko Egunari keinu eginez, Emakumeak eta lihoa saioa egingo dute familiei zuzenduta. «Garai batean emakumeek lihoa nola landatzen zuten ikasiko dugu. Ehungailuan oihal bat egiteko aukera izango dute parte hartzaileek».
Bestetik, Baserritik proiektuaren baitan Ezkioko Bittori Idiakez ere elkarrizketatu dute, «53 urtez Argindegi ostatuko arduraduna» izan zen. Datorren astean zehar Igartubeitiren web gunean ikusgai izango da Idiakezi egindako elkarrizketa, osorik.