Binakako txapelketa nagusia Goierrira iritsiko da asteburuan
Zaldibian eta Beasainen jokatuko dira Ados eskuz binakako txapelketaren kanporaketak. Emakume pilotari profesionalei bidea zabaltzea da helburua.
Goren mailan lehian ari diren emakume pilotari profesionalen Ados eskuz binakako txapelketaren kanporaketak jokatuko dira Zaldibian eta Beasainen, ostiralean eta igandean. Ados Pilota klubak hirugarrenez antolatu du Binakako Txapelketa Nagusia. Abenduan hasi zen, Latasan (Nafarroa), eta apirilaren 21ean jokatuko dute finala, Antzuolan (Gipuzkoa). Lau hilabete pasatxoko lehia izango da, eta guztira 58 partida jokatuko dituzte, Euskal Herriko 30 frontoi baino gehiagotan.
Martxoko lehen egunean, ostiralarekin, izango da emakumeen pilota jaialdia Zaldibiako Resti Pilotalekuan, 18:00etatik aurrera. Hiru pilota partida izango dira, bikoteka jokatuko direnak. Lide Murua eta Ezki Aristi zaldibiarrek jokatuko dute lehen partida Goierriko beste bikote baten aurka, Arratibel eta Intsaustiren aurka. Ondoren, Emakume pilotarien Ados elkarteak antolatutako binakako txapelketaren bi kanporaketa jokatuko dira. Promozio mailan, Aranburuk eta Arrastiak, Oskoz eta Sotilen aurka jokatuko dute, eta lehengo mailakoan, Aldaregia eta O.R. Larramendik, Zabaleta eta Zabalaren kontra. Zaldibiako Udalak eta Gaztelupe Pilota Klubak babestu dute.
Igandean, Beasainen
Igandean, Beasainen jarraituko du lehiak. Antzizar kiroldegian izango da, 11:30etik aurrera, Beasaingo Udalaren eta Ados Pilota Elkartearen ekimenez. Hitzorduaren inguruko xehetasun guztiak eman zituzten Leire Artola Beasaingo alkateak, Elena Ruiz kirol zinegotziak eta emakume pilotari profesionalak biltzen dituen Ados pilota elkarteko Maite Ruiz de Larramendi eta Oihana Orbegozok.
Euskal Herriko emakume pilotaririk onenak izango dira aurrez aurre, horien artean Maite Ruiz de Larramendi Mujika beasaindar jatorria duena eta Beasain Kirol Sarietan ohorezko kirol ibilbideari saria jaso zuena iaz.
Pilotaren zaletuek galdu ezin duten hitzordu honetan, lehenik, Etxekolonea eta Mendiburuk, Etxebeste eta Zabalaren aurka jokatuko dute, eta ondoren, Arrieta eta Ruiz de Larramendik, Ruiz de Infante eta Galeanoren aurka. Aipatu ere, profesionalen partiden aurretik, Ados pilota eskolako haurren partidak izango direla.
Zaldibian bezala, bost euro balio du sarrerak. Pilotalekura gerturatu ezin dutenek, Izarkom-en Youtubeko kanalaren bidez egin ahalko dute jarraipen osoa.
Bidea zabaltzen
Hain zuzen ere, emakumeak pilotan profesionalki jarduteko bidea zabaldu du Ados pilota elkarteak, eta Beasaingo Udal ordezkariek «babes osoa» erakutsi zieten Beasainen jokatuko diren partiden aurkezpenean. «Esku pilota gure nortasunari lotutako kirola da eta era berean, berdintasun irizpideei jarraituz gizonezkoen pilota jaialdiekin bezala, emakumezkoenak ere antolatu eta sustatzeko konpromisoa dugu», azpimarratu zuen publikoki Leire Artola Beasaingo alkateak. Berdintasunerako bidea, «denok elkarrekin, normaltasunez» egin beharrekoa dela ere erantsi zuen.
Era berean, «pilotan bezala beste kiroletan ere emakumeen presentzia bermatzeko» lanean dihardutela gogoratu zuten udal ordezkariek. Hala nola, «futbolean, pilotan duela bi urte Master Cup txapelketa, herri kiroletan Urrezko aizkolarien ekitaldian, txirrindularitzan, saskibaloian eta atletismo probetan San Silbestre krosean sariak berdinduz».