Goierriko baserritarrak Legorretan elkartuko dira ostiralean Donostiara elkarrekin joateko
EHNE eta Enba sindikatuek eta Gipuzkoako Baso Elkarteak deituta mobilizazioa egingo dute martxoaren 1ean 'Gipuzkoako lurra esnatuko den eguna' lemapean. Batzar Nagusien atarian irakurriko dute manifestua.
Martxoaren 1ean Gipuzkoako lehen sektorea mobilizatu egingo da. EHNE eta Enba sindikatuek eta Gipuzkoako Baso Elkarteak (GEBE) deituta kalera irtengo baserritarrak. Oraingoz, lehen sektoreko 38 eragile, elkarte eta enpresen eta udaletxe pare baten babesa dute. Hiru zutabe osatuko dituzte –Goierri-Tolosaldea, Urola-Kosta eta Bidasoaldea-Donostia– eta denak elkarrekin Donostiara iritsiko dira, Gipuzkoako Batzar Nagusien Donostian duten egoitzara. Goierriko baserritarrak 08:30ean elkartuko dira Legorretako tren geltokiaren aparkalekuan, eta handik abiatuko dira Tolosaldera.
“Ostiralean kalera joko dugu, Gipuzkoako gizarte osoari lehen sektoreak lurralde osorako eta gipuzkoar guztientzat egiten duen ekarpena, lana eta onura aldarrikatzeko eta aitortza eske”, nabarmendu du hiru deitzaileek kaleratu duten ohar bateratuan.
“Bide batez, gipuzkoarron ordezkaritza eta subirautzaren egoitza den Gipuzkoako Batzar Nagusietara joko dugu, hiru elkarteen artean adostutako Manifestua, bai Batzar Nagusietako lehendakariari bai batzarkide talde guztietako ordezkariei eskura eman eta aurkezteko”, zehaztu dute.
“Gipuzkoako Lehen sektorearen bizkar-hezurra diren hiru eragile nagusiek” bat egin dute “bai helburuetan bai lan egiteko eran”, oso garrantzitsua baiteritzote azpisektore bakoitzean duten problematika jaso eta islatzea. “Horrexegatik funtsezkoa zen guretzat sektoreko aniztasuna islatzen duten eragile eta elkarteekin jardutea, eta horren ondorioa da hiru antolatzaileekin bat egin dutela, lehen sektoreko 38 eragilek eta elkartek”.
Mobilizazioaren xehetasunak
Martxoaren 1eko mobilizazioak bi alde izango ditu. Lehenik, lurraldeko hiru puntutatik aterako diren ibilgailu ilarak Donostiako erdigunera iritsiko dira, eta behin erdigunea igaro ostean, Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzaraino joango dira. Bertan, ekitaldi jendetsua izango da eta hantxe irakurriko da Manifestua. Bigarrenik, Batzar Nagusietako ordezkariei emango diete dokumentua.
1. zutabea. Goierri-Tolosaldea. Andoain (Petromiralles gasolindegia)
- Legorreta (tren estazioko aparkalekuan). 8:30.
- Tolosa (Artzabaltza poligonoaren sarreran). 9:00.
- Andoain (Petromiralles gasolindegian). 10:00.
Andoiandik abiatu, A-15tik Martuteneraino eta gero, Loiola auzotik, Donostian Urumea ibai ertzetik, Bulebar, Urbieta kalea eta Ilunbetik Miramonera.
2. zutabea. Urola-Kosta. Urbil merkatalgunea
- Orio (Ubegun poligonoan). 09:00.
- Urbil (aparkalekuan): 9:45.
Urbiletik abiatu, Añorga, Antigua, Kontxako pasealekua eta gero, Urbieta kalea eta Ilunbetik Miramonera.
3. zutabea. Bidasoaldea-Donostialdea. Garbera merkatalgunea
- Errenteria-Orereta (Masti Loidi poligonoan): 9:00.
- Garbera (aparkalekuan).9:30.
Garberatik abiatu eta Intxaurrondotik, Ategorrieta, Zurriola (Kursaal aurretik) eta Bulebarretik, Urbieta kalea eta Ilunbetik Miramonera.
Elkarretaratzea Batzar Nagusietan
Ibilgailuek Donostian zehar egindako ibilbide amaiera gisa, Donostiako Miramon auzoan dagoen Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzan egingo da baserritar eta lehen sektoreko jendearen elkarretaratzea. Batzar Nagusietako eraikinaren erdigunean dagoen patioan egingo dute kontzentrazioa, eta han irakurriko dute prestatutako Manifestuaren laburpena, 12:30ean. Ondoren, antolatzaileen ordezkaritza bat Batzar Nagusietako lehendakari eta talde politiko guztiekin elkartuko da Manifestua eman eta aurkezteko.