Jokin Muñoz ordiziarra Iberiar Penintsulari belaontzian emandako itzuliaz ariko da gaur D'elikatuzen
Abentura eta Bidaia Asteko hirugarren saioa izango da, 19:30ean. Bihar bukatuko da zikloa, 'Arrastoan' emanaldiarekin.
Emaneurreren Abentura eta Bidaia Astea amaierara iristen ari da jada. Gaur hirugarren emanaldia izango da. Jokin Muñoz ordiziarrak Iberiar Penintsulari belaontzian emandako itzuliaren inguruko azalpenak emango ditu 19:30ean, D’elikatuzen. Oriotik abiatu eta hiru itsasotan nabigatu ondoren, Midi kanaletik berriz ere Kantauri Itsasora itzuli zen. Hiru hilabeteko bidaia egin zuen. Gaurko saioan, abenturan bizitakoak kontatuko dizkie inguratzen diren herritarrei.
Bihar amaituko da emanaldi zikloa. Astelehenean hasi zen, Jon Rodriguez ordiziarraren eta Pello Alberdi hernaniarraren Biziz proiektuarekin. Atzo, berriz, Maialen Rojo eta Amaia Segurola eskalatzaileak beste lau emakumerekin jordaniar eta arabiar desertuetan irekitako eskalada bide berriez aritu ziren solasean. Bihar, Abentura eta Bidaia Asteari amaiera emateko, Josu Iztuetak eta Iker Iriartek Arrastoan dokumentala eskainiko dute, Laponian beste bi lagunekin egindako eski-zeharkaldiaren ingurukoa, 19:30ean. Solasaldia izango da gero.