Legazpiarren etxebizitza errealitatea ezagutzeko inkesta egingo du udalak
Herriko hainbat kolektiboren kezkak eta premiak jaso ondoren, herritar guztienak ezagutu nahi ditu orain. Inkestak martxoaren 15era arte egin daitezke, internetez edo udal eraikin publikoetan utzitako orrietan.
Legazpiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak inkesta bat jarriko du bihar legazpiarren eskura, haien etxebizitza beharrak ezagutzeko eta Ezkurrenean garatu nahi den etxebizitza publikoen proiektuaren inguruko iritzia jasotzeko. Orain hilabete batzuk Hiritik At aholkularitza enpresarekin batera martxan jarritako prozesuaren urrats berria da inkesta, eta gaur goizean eman dute horren berri Jesus Santurde eta Nerea Arregi, gizarte zerbitzuen arloko zinegotziak eta udal teknikariak.
Legazpiarrek etxebizitza alorrean duten beharren inguruko azterketa egin nahi zuen udalak, eta Ezkurrenea eraikina baliatuz, premia horiei erantzun bat eman. Azken hilabeteetan herriko eragile ezberdinekin elkarrizketak burutu ondoren, herri osoari prozesua zabaltzeko unea iritsi da, eta etxebizitzari lotuta legazpiarrek bizi duten errealitatea ezagutzeko, inkesta bat zabalduko du udalak.
Inkestaren bidez bi motatako informazioa jaso nahi dute. Batetik, etxebizitzaren gaiari lotutako informazio orokorra bildu nahi dute, eta beste alde batetik zehazki Ezkurrenean garatu nahi den alokairu publikoko etxebizitzen proiektuaren inguruan jendeak duen iritzia jaso nahi dute.
Galdetegia internetez bete daiteke https://labur.eus/legazpietxebizitza helbidean. Herrian jarriko diren karteletan agertuko den QR kodearen bidez ere bete ahal izango da, baita paperean ere, udaletxean, Kultur Etxean, Gizarte Zentroan, Kiroldegian eta Euskaltegian utziko diren orrietan. Martxoaren 15a izango da inkesta betetzeko azken eguna.
Kolektiboen aldetik jasotako kezkak
Inkesta martxan jarri aurreko fasean, herriko hainbat eragilerekin elkartu dira Hiritik At enpresako kideak, etxebizitzaren inguruan legazpiarrek dituzten premiak eta kezkak jasotzeko. Eragile horiek adinekoekin, gazteekin, etorkinekin, aniztasun funtzionala duten pertsonekin eta emakumeekin egiten dute lan, eta horien bidez jaso dituzte kolektibo horiek dituzten arazoak, beti ere etxebizitzen ingurukoak.
Hala, adinekoek eta gazteek bat egiten dute bizitzaren garestitzea eta prekarizazioa aipatzean, eta etxebizitzen eta alokairuen prezioak asko igo direla nabarmendu dute bi kolektiboek. Gazteek, bestalde, ez dute irisgarritasunaren inguruko kezkarik azaldu, baina adinekoek etxebizitzetan duten arazo handitzat jotzen dute. Etorkinek, berriz, alokairuak aurkitzeko zailtasun handia dituztela azpimarratu dute, eta Legazpin sare formalen bidez baino gehiago sare informalen bidez alokatzen dituzte etxeak. Alokairu sozialeko etxebizitzen eskasia ere agertu da kolektiboekin egindako bilera horietan, batez ere gazteen artean. Amaitzeko, aniztasun funtzionala duten pertsonek pisuak alokatzeko garaian haiekiko dagoen estigmaren berri eman dute, eta emantzipatzeko garaian duten diru laguntza premia.