Udaberriari aurre hartuta iritsi dira urteko lehen zizak
Perretxikoen denboraldi berria hasi da, udaberriko lehen ziza, ziza hori eta saltsa perretxiko beltzekin. Kala zuriak ere iritsi dira feriara, baita Idiazabal jatorri izendapeneko lehen gaztak ere.
Horretaz asko hitz egin bazen ere, bezperan botatako euriak ez dio inolako protagonismorik kendu gaur Ordiziako feriako izarrari. Izan ere, aspaldiko partez, berritasun garrantzitsu bat aurkeztu dute: udaberriko ziza.Izan dira gehiago ere, Idiazabal gazta berria eta kalak, horien artean.
Eta bezperakoa nahikoa izan ez balitz bezala, gaur ere egin du euria goizean. Baina hori ez da eragozpena izan ia asteazkenero feria ezagutzera iristen diren ikasle taldeen bisitentzako. Bi izan dira goizean: Urretxuko Gainzuri eskola publikoko beste talde bat, eta Urnietako Hegape institutukoak.
Perretxikoen denboraldi berria
Aste luzez perretxikoen eskaintzarik gabe egon eta gero, urteko lehen zizak iritsi dira feriara, Mikel Lasaren postura hain zuzen. Kilo eskasa zen, Nafarroan bildutakoa, eta 200 euroan jarri du salgai perretxiko saltzaile tolosarrak. Datozen asteetan gehiago izateko itxaropenarekin erakutsi ditu lehen ale horiek, perretxikoen denboraldi berria ofizialki hasi dela iragarri duen bitartean.
Izan ere, udaberriko zizak bakarrik ez, ziza horiak eta saltsa perretxiko beltzak ere izan ditu salgai, hamabosna kilo, eta bien kasuan, kiloa 30 euroan.
Idiazabal gazta
Lasak, bestalde, eguneko beste berritasun handia ere aurkeztu du, Idiazabal jatorri izendapeneko gazta berria. Ardi gazta berria duela aste batzuk iritsi zen feriara, baina Idiazabal izendapenekoa falta zen.
Hori ere iritsi da azkenik, Nafarroako Iabar herriko Arbeltz markakoa, zehazki. Kiloa 22 euroan dago Lasaren postuan. Plaza Nagusiko este gazta saltzaileek ere laster jarriko dituzte salgai beste marka batzuetako Idiazabal gazta berriak.
Kala zuriak eta lore gehiago
Lore kontuak ere aipatu behar dira, eta horietan lehen aipamena kala zuriarena izango da. Aramako Jaione Irazustak izan ditu salgai, sorta 4 euroan. Bi sorta besterik ez ditu eraman, euriak lursaila lokatzez beteta utzi ziolako bezperan, eta ezin izan zuelako gehiago moztu. Hurrengo astean gehiago eramango zituela agindu du aramarrak.
Aramako lore gehiago ere aipatu behar dira, Maria Dolores Mendizabalenak, baino horiek lore biziak ziren. Urte osoko landareak dira, baina une honetan daude loreak ematen: kalantxoea (7 euroan), begonia altua (10 euro), iberis (10 euro), Argiranthenum margarita gorria eta zuria (10 euro), eta Bracteantha edo paperezko lorea (10 euro).
Atienza, 40 urte ferian
Hurrengo asteari begira ere jarri behar da, ospakizunerako feria izango delako. Patxi Atienzak 40 urte beteko ditu asteazkenean bertan, martxoak 6, feriako saltzaile gisa, eta bezeroekin ospatzeko asmoa du.