Bukatu da Euskal Herriko txapelketa Oianguko palarientzat
Aurreko asteburuan galdutako partiden ondorioz, lehiatik kanpo geratu dira. Goierri Kopako bi partida jokatuko dituzte gaur.
Bukatu da Euskal Herriko pala txapelketa Oiangu Pilota Elkarteko palarientzat. Oiangu A eta Oiangu B taldeek ezin izan dute finalerdietarako txartela lortu, aurreko asteburuan ligako lehenengo eta bigarren sailkatuen aurka galdutako partiden ondorioz.
Beraz, Euskal Herriko txapelketatik kanpo geratu dira, baina denboraldia oraindik ez da amaitu. Goierri Kopa eta GRABNIko partidak izango dituzte oiangutarrek datozen asteetan.
Goierri Kopa abian da jada. Olaberriako udal pilotalekuan jokatzen da gizon palarien artean, binaka. Gaur txapelketa horretako bi partida jokatuko dituzte, 19:00etatik aurrera. Ropero-Olaran bikoteak Martija-Letamendia bikotearen aurka jokatuko du, eta Luzuriaga-Agirrezabal bikoteak Otegi-Goñi bikotearen aurka. Kaleratze sisteman jokatzen da. Galtzen duena kanpoan geratzen da. Martxoaren 16an izango da finala.
GRABNI txapelketa, berriz, martxoaren erdian hasiko da.