‘El parto’ antzezlan berria aurkeztuko du Urrup Antzerkiak martxoaren 7an
Sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroan, Herri Antzokiko leihatilan eta online. Ana Martinez Urrupeko kideak idatzi du lana. Bi kide lehen aldiz ariko dira oholtza gainean Urrupekin.
Kimetz Emakumeen Elkartearekin elkarlanean azken urteetan egin bezala, aurten ere antzezlan berri bat aurkeztuko du Urrup Antzerkiak martxoaren 8aren bueltan. El parto du izena antzezlan berriak, eta martxoaren 7an aurkeztuko dute jendaurrean, Ordiziako Herri Antzokian, 20:30ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko.
Hogeita hamar urtetik gorako ibilbidea du Urrupek. Hamarkada hauetan, egile ospetsuen lanak antzeztu izan dituzte, eta azken urteetan Ana Martinez taldekideak idatzitako lanak taularatzera animatu dira. Aurtengoa ere Ana Martinez Azcona Urrupeko kideak idatzi du. Iaz, martxoaren 8rako Si ellas hablaran idatzi zuen, eta 2022an, berriz, Tuppersex. Iazko udan, aldiz, Psikoeskape plazaratu zuten jendaurrean. Urrupek antzeztuko duen Martinezek idatzitako laugarren lana da hala El parto.
Aurrekoek bezala, umorea du oinarrian antzezlanak, kritika alde batera utzi gabe. Mirentxu eta Pablo erditzear daudenean, senitartekoak ospitalera hurbiltzen hasiko dira, guraso izango direnei ezer esan gabe. Jaioberriak bi familiak elkartuko ditu, baina itxarongelan dauden bitartean galdera batek itsutuko ditu: haurra neska ala mutila izango den.
Estreinekoz
Urrup Antzerkiak azaldu duenez, “genero berdintasunak tradizio matxistari lotutako familia askoren egituran sartzeko duen zailtasuna jorratzen du” lanak. Umoretik, feminismoari, matxismoari, maskulinitate berriei, rolen eta plazeraren inguruko mito faltsuei edota sexu anistasunari helduko diote. Rosa Rojoren zuzendaritzapean, Ana Martinez, Marisol Cavero, Jose Luis Elorza, Julen Paredes, Juan Manuel Pecharroman, Gorka Lariz, Miguel Angel Veliz Lillo eta Urtzi Gorostiaga izango dira antzezleak. Azken biak, gainera, Lillo beasaindarra eta Gorostiaga ataundarra, estreinatu egingo dira taldearekin, lehen aldiz ariko dira oholtza gainean Urrupekin. Antzezlaneko kartela, berriz, Eukene Lekuona diseinatzaileak egin du.
Kimetzek eta Urrupek publikoa gonbidatu dute antzezlana ikustera: “Minik gabeko erditzea izango da eta dibertimendu handikoa”.
Sarreren salmenta
Sarrerak 5 euroan daude salgai. Herri Antzokiko leihatilan erosi daitezke, antzokia irekita dagoen ordutegian, edo online, Kutxabank-en bidez.