Emakumeen arteko hizketaldia antolatu dute bihar arratsaldean
Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, hizketaldia antolatu dute bihar arratsalderako Ormaiztegin. Jatorri ezberdineko emakume ormaiztegiarrak izango dira hizketaldiko protagonistak, Zumalakarregi museoak gidatuko duen saioan. Gizarte etxean egin dute hitzordua 17:30etik 19:00etara. Saioan zehar mokadutxo bat egiteko aukera izango dute gerturatzen diren guztiek.
Martxoaren 8aren inguruan Ormaiztegiko Udalak antolatu duen egitaraua luzeagoa da ordea. Martxoaren 6an, asteazkena, Ttipi-Ttapa more musikatua antolatu dute Oin-Harri jubilatu elkarteak eta San Andres herri eskolak. 10:30ean irtengo da ibilaldia, udaletxetik.
Martxoaren 8an Gaurko haziak biharko loreak izenburudun murala osatuko dute San Andres herriko eskolan. Arratsaldean, 17:30an, Emakumeen eguneko txokolate jana egingo dute Gizarte etxean Zumalakarregik antolatuta.
Martxoaren 10ean, ihes-gela jarriko dute Zumalakarregi museoak Tramankuluren eskutik. Martxoaren 12an, Emakumeak=Kontatzen saioa eskainiko du Ana Apika ipuin kontalariak, liburutegian 17:00etan, 5 eta 9 urteko haurrei zuzenduta. 18:00etan, berriz, La formula preferida del profesor liburua izango du aztergai irakurle taldeak, Monica Leivaren gidaritzapean.