Toberako ikasleek jendaurreko entzunaldiak eskainiko dituzte
Musika hamabostaldia martxoaren 5etik 17ra egingo dute. Zegamako Dantzari Txiki egunak itxiko du aurtengo egitaraua. Toberaren izenean, Korrikaren lekukoa eramateko aukera izango dute Zerainen ikasleek eta familiek.
Aizkorpe bailarako Tobera musika eta dantza eskolak musika tresnen entzunaldiak antolatu ditu martxoaren 5etik 17ra. Ikasleek ikasturtean zehar ikasitakoa plazara ateratzeko ekimena izango da.
Datorren asteartean, martxoak 5, emango diote hasiera egitarauari. Zegamako txistu eta danbolin, eta zeharkako txirulako ikasleen entzunaldia izango da Zegamako plazan, 17:30ean. Martxoaren 6an, piano ikasleen txanda izango da; leku berean, 18:30ean hasita. Ostegunean, martxoak 7, gitarra klasikoa, elektrikoa eta baxu elektrikoen kontzertuak izango dira, 18:30ean, Zegamako plazan.
Dantzari Txiki, amaitzeko
Lehendabiziko asteko entzunaldiak amaituta, martxoaren 11n jarraituko dute jendaurreko kontzertuek, Seguran. Herriko txistu eta danbolin eta zeharkako txirulako ikasleak Segurako plazan izango dira, 17:30ean. Martxoaren 12an, Zegamara itzuliko dira entzunaldiak. Zegamako plazan, 18:30ean dute hitzordua trikiti, pandero eta perkusioko ikasleek.
Segurako gitarra ikasleen eta piano ikasleen txanda izango da martxoaren 13an eta 14an, hurrenez hurren. Biak ala biak, plazan izango dira 18:30etik aurrera. Musika hamabostaldiari amaiera emateko, martxoaren 17an, igandea, Zegamako Dantzari Txiki eguna ospatuko dute Zegaman. Beasaingo Aurtzaka eta Ostadar, Lazkaoko Oin Arin, Segurako Azpilla eta Zeraingo Solkie dantza taldeek parte hartuko dute. 11:30ean hasiko da, pilotalekutik aterata.
Korrikaren lekukoa
Datorren martxoaren 23an Korrikak Goierri zeharkatuko duela eta, Tobera musika eta dantza eskolak ere kilometroa erosia dauka. Hala, eskolaren izenean Zerainen lekukoa eramateko aukera izango dute bertako ikasle edo familiek. Interesatuek tobera@tobera.org helbidera e-mail bidali beharko dute martxoaren 17a baino lehen.