Gaueko hegazti harraparien bila
Anduetza parketxeak behaketa ibilaldi bat antolatu du larunbaterako. Aurrez eman behar da izena, plaza mugatuak baitira.
Aizkorri-Aratz natur parke barruko Zegamako Anduetza parketxeak Gaueko hegazti harraparien bila jarduera antolatu du martxoaren 9rako. Harrapari gautarren ezaugarri orokorren inguruko azalpen dinamiko bat entzuteko aukera izango da lehenik: orientatzeko erabiltzen duten sistema, ernaltze zikloa, espezie ezberdinak… Eta, jarraian, behaketa-ibilaldia egingo da. 19:00etan hasiko da saioa, eta Nerea Pagaldai adituak gidatuko du.
Urubiak, hontzak, mozolo zein zatak uste baino ohikoagoak dira. Gaueko hegazti harrapari hauek egunez ikusezinak dira ia, inguruko zuhaitzen adarretan, zuhaitz-zuloetan edo habia-kaxetan ezkutuan atseden hartzen baitute. Gauez, ordea, iluntasunera egokituriko begi handiek, ederki garatutako entzumen finak eta isilean hegan egitea ahalbidetzen dieten hegaldi-luma bereziek harrapari bikainak bihurtzen dituzte.
Gautxori misteriotsu hauek hurbilagotik ezagutzeko aukera izango da Zegaman, Nerea Pagaldai adituak gidatuta. Pagaldai biologoa da, eta urubien inguruko doktoretza bukatzen ari da. Hiriguneko eta landa-inguruneko urubien arteko ezberdintasunak aztertzen ari da. Horretarako, urubien zentsoak egiteaz gain, haiek markatu eta radiotracking bidez jarraitu ditu.
Aurrez izena eman behar
Zailtasunik gabeko ibilaldia da, edozein herritarrentzat egokia. Linterna edo frontala eramatea gomendatzen da. Helduentzako prezioa 6 eurokoa da eta 12 urtetik beherakoentzat 4 eurokoa. Izena aurrez ematea derrigorrezkoa da, plaza mugatuak baitira.
Informazio gehiago eta izena emateko:
943 80 21 87 / 688 62 36 09