Goierriko Dantzari Helduen III. topaketa larunbatean izango da, Legorretan
Ataungo Otsoak, Beasaingo Aurtzaka, Idiazabalgo Axari, Lazkaoko Oin Arin, Legorretako Irrintzi Alai, Ordiziako Amets Bide, Urretxuko Lurra eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeetako 200 dantzaritik gora elkartuko dira.
Goierriko Dantzari Helduen III. topaketa larunbatean izango da, Legorretan. 2019an antolatu zuten lehen aldiz Goierriko Dantzari Helduen topaketa, Lazkaon. Bigarrena, berriz, Idiazabalen egin zuten, 2022an. Aurten Legorretan ospatuko dute, hirugarren aldiz. Korrika kulturalaren barruan kokatu dute ekimena, eta Korrika bezala, bi urtez behin antolatzen jarraitzea dute helburu.
Goierriko Dantzari Helduen topaketa eskualdean erromeri bira bat egiteko aitzakian sortu zen, Goierriko dantza talde ezberdinen elkarlanetik, talde horien arteko harremana sendotzeko eta dantza sustatzeko asmoz. Larunbateko topaketan Ataungo Otsoak, Beasaingo Aurtzaka, Idiazabalgo Axari, Lazkaoko Oin Arin, Legorretako Irrintzi Alai, Ordiziako Amets Bide, Urretxuko Lurra eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeetako 200 dantzaritik gora elkartuko dira. Otsoak, Aurtzaka, Oin Arin eta Lurra taldeetako txistulariek, Ozenki txistulari taldeak, Hernaniko txistulari eta dultzaineroek, Ordiziako txistulariek eta Lizarriturri taldeko dultzaineroek ere parte hartuko dute topaketan.
Goizean herrian desfilea egingo dute dantzariek eta musikariek. Geldialdiak egingo dituzte txoko ezberdinetan. Eguerdian plazan amaituko dute goizeko jarduna. Eguraldi txarra egingo balu, kiroldegian egingo lukete ekitaldia. Bazkalostean, aldiz, erromeria izango da Ttipika taldearekin.
Hau da egitaraua:
- 11:00etan. Dantzarien topaketa plazan.
- 11:30ean. Desfilea herritik.
- 13:00etan. Alardea plazan.
- 14:30ean. Bazkaria.
- 16:30ean. Erromeria Ttipika taldearekin.