Legazpiko EH Bilduk oharra kaleratu du, tren zerbitzuaren inguruko mozioaz
Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udaletan aurkeztu dute mozio bera, baina ez du aurrera egin, eta horren ordez, EAJ-k eta PSE-k aurkeztutako mozio alternatiboa onartu dute. Horretan, besteak beste, AHTren lanek zerbitzuan duten eragina ez jasotzea salatu dute.
Legazpiko EH Bilduk ohar bat kaleratu du, joan den astean egin zen otsaileko osoko bilkuran tren zerbitzuaren inguruan aurkeztu zuten mozioaren inguruan. Mozioa ez zuten onartu, EAJk eta PSEK aurka bozkatu zutelako, eta bi alderdi horiek aurkeztutako mozio alternatiboa atera zen aurrera.
Urretxun eta Zumarragan ere aurkeztu zituen herri bakoitzeko EH Bilduk mozio bera, eta horietan ere, ez zuten onartu.
Tren zerbitzuaren egoeraz kezkatuta
Irun-Brinkola trenbidearen egoerak eta RENFEko aldirietako zerbitzuak dituen “hutsune larriak” bultzatuta aurkeztu du EH Bilduk mozioa, baita Legazpiko tren geltokian hasitako obra eten egin delako ere. “Azpiegitura zaharkituak, berrikuntza falta, atzerapen etengabeak, murrizketak trenen kopuruan, irisgarritasun egokirik gabeko geltokiak…. Gipuzkoako tren zerbitzuaren egoera kezkagarria da”, diote alderdiko ordezkariek,eta horregatik aurkeztu dituzte hiru herrietan “Irun eta Brinkola arteko ADIFen trenbidea ,eta RENFEren aldiriko zein distantzia erdiko zerbitzuak hobetzeko mozioak”.
Zerbitzu hori egunero milaka gipuzkoarrek erabiltzen duten arren, azpiegitura hori hobetzeko Adif, Renfe eta Espainiako Sustapen Ministerioak “oso inbertsio gutxi” egin dituztela salatu dute, “are gehiago, AHTaren obraren ondorioz, 2017ko apirilaren 18tik etengabeak izan dira murrizketak Errenteria-Lezo eta Irun arteko trenbide bakarreko zirkulazioa ezarri zelako. Ordutik, egunero aldiriko 42 tren gutxiago dabiltza Irun eta Errenteria artean, eta distantzia ertaineko zortzi gutxiago Gasteiz eta Irun-Donostia artean”.
Irun eta Brinkola arteko lineari dagokionez, “maiz ematen diren matxuren ondorioz, ohikoa bihurtu da tren zerbitzua bertan behera gelditzea, aurreabisurik gabe edo minutu askoren atzerapenarekin ibiltzea. Horregatik, erabiltzaileak zerbitzuarekiko konfiantza galtzen ari dira. Trenen eta hauen materialaren egoera ere oso kezkagarria da, flota erabat zaharkituta dago, gehienek 35 urte baino gehiago dituzte”.
Gipuzkoako garraio publikoa hobetzeko, “ezinbestekoa da erabiltzaileek aldiriko zein herrialde arteko distantzia erdiko zerbitzuengan zuten konfiantza berreskuratzea. Horretarako, eskaintzen den zerbitzua bermatu behar da, beharrezkoak diren lanak modu egokian eginez, trenen mantentze lanak indartuz, eta unitate berriak martxan jarriz”.
Mozioaren eskaerak
Tren zerbitzuaren eta azpiegituren inguruko kezkak azaldu ondoren, EH Bilduk aurkeztutako mozioetan hainbat eskaera egiten zituzten. Batetik, “Renfe operadoreari, Irun-Brinkola aldiriko zein erdiko distantziaren linean eskaintzen duen zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak bete ditzala” eskatzen zioten. Bestetik, “Sustapen Ministerioareni zein Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailari, AHTaren obrek aldiriko zein distantzia erdiko trenen zirkulazioan eragiten duten kaltea gutxitzeko” ere eskatzen zieten, eta Espainiako Gobernuri, “Eusko Jaurlaritzaren esku utz ditzala EAEn, Adifek kudeatzen dituen trenbide azpiegiturak”. Gainera, “Adifek Legazpiko tren geltokiko obrak amaitu ditzala, eta bereak diren azpiegitura guztietan hobekuntzak egin ditzala” ere eskatzen zuten, “bereziki trenbidearen gaineko pasabide arriskutsuak kentzeko prozesua azkartzeko, eta geltokietan eta inguruetan erabiltzaile guztien irisgarritasuna bermatzeko”.
EAJ eta PSEk EH Bilduk aurkeztutako mozioaren aurka bozkatu zuten hiru udaletxeetan eta mozio alternatiboak aurkeztu zituzten. “Aldiriko tren zerbitzuan baliabide faltaren ondorioz arazoak zituela esan zuten arren, azpimarratzen zuten AHTaren obrek ez dutela zer ikusirik aldiriko trenen arazoekin, eta balioan jartzen zuten aldiriko trenen eskumena euskal instituzioetara eskualdatzea”. EH Bilduk harago doala dio, “Adifek kudeatzen dituen trenbide azpiegiturak ere, hauen artean Irun eta Brinkola artekoa” eskualdatzea eskatzen baitu.
Mozio alternatiboa
Hona hemen EH Bilduren mozioaren ordez hiru udalbatzetan onartu zuten mozioa, EAJ-k eta PSE-k aurkeztutakoa: