Gozoek erreklamo izaten jarraituko dute igandeko Erlezain egunean
Erlezain egunaren pizgarri hitzaldi bana izango dira bihar eta etzi. Gipuzkoako 21 ezti onenak izango dira ezti lehiaketan. Gozoek ere ez dute hutsik egingo.
Gipuzkoako erlezainen bilgune bihurtuko da Zegama beste behin, datorren igandean ospatuko den Erlezain Egunean. Gipuzkoako 24. Ezti lehiaketa egingo dute eta Gipuzkoako gozogile onenek ere ez dute hutsik egingo urteroko hitzordura. Ohitura bihurtu denez, erlegintzaren inguruko hitzaldi bana ere antolatu dituzte biharko eta etziko gaztelekuan.
Jakoba Errekondoren Erleentzako landareri lagungarria hitzaldiak irekiko du aurtengo egitaraua bihar arratsaldean. Bidatz Sasiain, Gipuzkoako Erlezain elkarteko teknikariak adierazi duenez, «interesgarria» da gaia, batez ere, erlezain askoren galderari erantzuteko baliagarria izan daitekeelako.
Erlezainek beraiek landatu ditzaketen landareez arituko da Errekondo, «landare meliferoak edo polenetan aberatsak diren horiek aipatuko ditu», esan du Sasiainek. Era berean, administrazioari ere eskaera zuzena luzatu die: «udalek basoetan landaketak egiten dituztenean erleak kontutan hartzea nahi genuke, garrantzia eman diezaietela erleentzat onuragarriak diren hosto zabalak landatzeari, adibidez».
Jon Etxeberria erlezain ataundarrak, berriz, Erlategiko urteko kudeaketa erreginetan oinarrituz hitzaldia eskainiko du etzi. «Erlezain askok erreginak erosten dituzte eta dauden erregina mota ezberdinez —birjinak edo ernalduak— eta erregina horiek erlauntzan nola antolatu jakiteko argibideak emango ditu», zehaztu du Sasiainek.
Liztor asiarraren mehatxua
Makina bat buruko min ematen ari da, bestetik liztor asiarra, eta ez da gutxiagorako. Sasiainen iritziz, bada «kezkatzeko gaia». Berez, liztor asiarra uztailetik aurrera hasten den arren, gero eta lehenago agertzen hasia da: «erlezain batzuk esan digute jada hasi direla liztorrak ikusten, beste batzuk esaten digute ez dutela geldialdirik izan», dio.
Liztor asiarrak zorionez, ez du aparteko eraginik Gipuzkoako ezti kantitatean; «ekoizpen gehiena ekaina eta uztaila artean izaten dugu, eta liztor asiarrak udazkenean erasotzen dute gehien». Hala bada, urtero bezala, igandean egingo den Gipuzkoako 24. Ezti lehiaketan, zazpi eskualdetako —Tolosaldea, Goierri garaia eta behea, Bidasoaldea, Donostialdea, Urola eta Deba— 21 erlezain onenek parte hartuko dute.
Hirugarren belaunaldia
Eztia da, zalantzarik gabe, Erlezain Eguneko protagonista nagusia, baina Gipuzkoako gozogile onenek ere urteak daramatzate euren produktuak Zegaman erakusten. Rafa Gorrotxategi gozogileak dionez, «hamar-hamabost bat urte bai gutxienez». Gorrotxategirentzat hitzordu «garrantzitsua» da Zegamakoa «ilusio handiarekin joaten naiz», dio. Gipuzkoa guztiko dozena bat gozogile onenek euren gozoak jarriko dituzte kiroldegiko mahai luzean, behin lehiaketa amaituta «bisitarien artean banatzeko», dio Gorrotxategik.
Izan ere, urtean behingo lankidetza honetaz gaindi, Gorrotxategik badu Zegamari lotzen dion beste arrazoi bat ere. «Joxe Mari Gorrotxategi aitona eta Rafaela Pikasarri amona, biak Zegamakoak ziren. Amona Benta baserrian jaio zen», oroitu du. Rafa Erlezain egunean parte hartzen duen Gorrotxategitarren hirugarren belaunaldia da, «aita eta aitona aurretik etortzen ziren», dio.
Rafa Gorrotxategik eztia osagai nagusi hartuta, gozogintza erakustaldia egin ohi du Zegaman, goizean zehar. «Ezti eta almendrazko girlatxeak egin izan ditut, malba zurizko gozokiak ere bai. Aurten, iaz bezala, txokolatea eta eztia erabiliz haurrentzako saio bat egingo dut», amaitu du.