Irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina abiatu du Beasaingo Udalak
'Ireki liburuak begiak irekitzeko' lemapean abiatu da irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina, hamasei ekintza desberdinekin.
Ireki liburuak begiak irekitzeko lemapean abiatu da irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina Beasainen. Gaur goizean eman dituzte xehetasun guztiak Mariola Pascual kultura zinegotziak, Ane Barandiaran euskara teknikariak eta Rebeka Piñeiro udal liburutegiko arduradunak.
“Irakurketak egungo gizartearen ikuspegia zabaltzeko oso garrantzitsua da, horregatik, aurten ere abiatuko dugu egitasmoa”, adierazi du Pascualek. “Euskal kultura sustatzea, euskaraz irakurtzeko ohitura indartzea eta bidenabar euskarazko literatura ezagutaraztea” dira helburu nagusiak. Baita ere, “udal liburutegiaren dinamikak herritarren kultur beharretara egokitzea”. Era berean, “gai sozialak lantzea eta eskaintza anitza izatea, ekintza eta egitasmo ezberdinak antolatuz, bai banakakoak bai taldekakoak.
Hori guztia sustatzeko hamasei ekintza antolatu dituzte elkarlanean, adin tarte eta gustu guztietara egokituta. Horietako lehena, aste honetan bertan izango da. Ostegunean, haur eta familien irakurketa klubaren saioarekin emango diote hasiera kanpaina berriari. Maiatzaren 28ra arteko egitaraua aurkeztu dute gaurko aurkezpenean. Egun horretan, gazteei eta helduei zuzendutako literatur taldearen saioa egingo dute. Egitaraua osoa ikusgai dago hemen.
Berritasunak
Aurtengo egitarauak hainbat berritasun gehitzen ditu. Batetik, liburu trailer lehiaketa dago. Martxoaren 8an izango du abiapuntu, hala, feminismoa, tratu onak eta bizikidetza lantzen dituen bibliografia proposatu dute.
Liburu hauek lantzeko, bi kategoria aurreikusi dituzte; bata, 12 urtetik gorako haurrei zuzenduta, eta bestea, 12 urtetik gorako gazteentzat. Banaka edo taldeka liburu bat aukeratu eta gehienez 3 minutuko iraupena duen bideo bat sortu beharko dute. Bideo horretan, testua, ahotsa, musika eta, oro har, irudimena erabili beharko dute. Bideoak berdintasuna@beasain.eus epostara bidali beharko dituzte, apirilaren 17a baino lehen. Sari banaketa, apirilaren 23an izango da, Nazioarteko Liburuaren Egunaren bueltan.
Kategoria bakoitzean sari bana izango da. 12 urtetik beherako partaideen artean, Beasaingo saltoki txikietan gastatzeko 80 euroko balioa duen bonua banatuko da. Horretaz gain, aipamen berezia jasoko duen bigarren saria ere egongo da eta honi edo hauei Beasaingo saltoki txikietan gastatzeko 50 euroko balio duen bonua egokituko zaie. 12 urtetik gorakoen kasuan, berriz, lehenengo saria 100 euroko erosketa bonua izango da. Aldiz, aipamen berezia jasotzen dutenei, 80 euroko bonua emango zaie. Haur eta gazteak, parte hartzera animatu dituzte.
Bestetik, Azken galdera amari ipuina aurkeztuko du Manex Beristain egileak. Liburu honen berezitasuna da heriotza eta dolua lantzen dituela. Bederatzi urteko ume bat da ipuinaren protagonista eta sentiberatasun osoz bere amaren heriotzaren aurrean egindako prozesuaz mintzo da. Egilearen esperientzia pertsonalean oinarrituta dago. Euskal Herriko hainbat liburutegietan eta kultur etxeetan oso harrera ona izan du. Aurkezpena Udal liburutegian izango da. Bost urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, beti ere heldu baten laguntzarekin.
Gainera, Gora Euskal Herrientsak saiakera grafikoaren aurkezpena izango da, Igartzako jauregian, apirilaren 17an. Egilea, Asisko Urmeneta Otsoa, Beasainen izango da. Asiskok, Dom Campistron ilustratzailearen laguntza izan du lan hau egiteko. Liburu honek, kulturaren transmisioan aitzindariak izan ziren bost errientsaz edo eskola maistraz mintzo da. Era berean, Emakume Abertzale Batza, Begiraleak eta Euskal Eskolak gauzatu zituzten maistra kontziente eta herrizaleen lana aldarrikatzen du. Komikiaz baliatuz, Asiskok Euskal Herriaren memoria historikoa berreskuratzeko dokumentazio lan bikaina egin du. Central Comics, Portugalgo komiki atal digitalak, saritu du lana.
Irakurle taldeak
“Kanpaina honetan, herriko irakurle taldeek presentzia garrantzitsua izango dute”, nabarmendu du Barandiaranek. Iaz martxan jarri zuten haur eta familientzako irakurketa klubak izan duen arrakasta ikusita, aurten bi taldeetan banatu behar izan dute eta, orotara, 26 familia inguruk parte hartzen dute bertan. Hilabetean behin biltzen dira Udal liburutegian, irailean hasita eta maiatzera arte.
Horretaz gain, Beasaingo helduen ohiko irakurle taldeak ere aurrera jarraituko du, Aintzane Usandizaga idazlearen gidaritzapean. Talde hau ere Udal liburutegian biltzen da, hilabetean behin, asteazkenetan, urritik ekainera arte. Kasu honetan, interesa dutenek saio solteetan ere parte hartu ahal izango dute. Taldekide inguratzeko gonbita ere luzatu du Barandiaranek.
Gainera, Urbiberri gizarte zentroko eta Asmubeko irakurle taldeei ere egin die aipamena. Hauek ere, gai desberdinak hausnartzeko espazioak dira, eta norbere egoitzan egiten dituzte saioak.
Emozioen tailerra
Rebeka Piñeiro udal liburutegiko arduradunak iragarri bezala, iaz hasiera eman zioten Emozioen saltsa lantegiak jarraipena izango du aurten ere. Saio hauetan, haur eta gazteek literatura bidelagun dutela, emozioen aferarekin topatzen dituzten zailtasunen inguruan hausnartzen dute. Iaz, batez ere, hezitzaile, guraso eta irakasleek parte hartu zuten, baina edonori zuzendutako tailerra dela gogoratu du. Lantegiaren gidaria Mireia Delgado Exposito da, eta orain arteko emaitza “onak” ikusita, “beste bi saio gehiago” eskaintzea egoki ikusi da. Horietako bat apirilaren 30ean izango da, eta bestea maiatzaren 28an.