Judit Gartzia da EAEko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakari berria
Lehendakariorde Itsasoko Garikoitz Aiesta izendatu dute. Datozen lau urteetarako hartu dute kargua bi goierritarrek.
Olaberriko Etxeberri-Goikoa baserriko Judit Gartzia Llorens da Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakari berria. Otsailaren 5ean egin zuten eratze bileran osatu zen kontseilu berria, eta egun horretan finkatu ziren lehendakaritza eta lehendakariordetza karguak, hautagaien arteko bozketa bitartez. Lehendakariordetza beste goierritar batek hartu du, Itsasoko Mandubi-Zar baserriko Garikoitz Aiesta Etxanizek. Lau urterako hartu dute kargua, 2023-2027 epealdirako.
Kontseilu berria
Elikadura ekologikoaren alorrean jarduten duten azpisektoreetako ordezkariek (nekazari zein abeltzainak, eraldatzaileak, merkaturatzaileak…) osatzen dute Kontseilua. Eusko Jaurlaritza, hiru Foru Aldundiak eta kontsumitzaileen ordezkari bat ere parte dira.
2023-2027 epealdian, sektore ekologikoaren ordezkaritzan lau ekoizle egongo dira: Raul Rituerto Turrado (abeltzaina eta nekazaria, Araba), Sonia Ingunza Zumalde (baratzezaina, Bizkaia), Garikoitz Aiesta Etxaniz (abeltzaina, Gipuzkoa) eta Miren Nekane Tomasena Elorza (baratzezaina, Gipuzkoa).
Eraldatzaile, merkaturatzaile eta inportatzaileen ordezkaritzan beste lau kide egongo dira: Anna Montserrat Minguella (okina, Araba), Judit Garcia Llorens (abeltzaina eta esneki ekoizlea, Gipuzkoa), Jose Ramon Arrieta Zialzeta Exkerra (artzaina eta gaztagilea, Gipuzkoa) eta Iker Iglesias Eguia (pentsu ekoizlea, Bizkaia-Gipuzkoa). Era berean, kontsumitzaileen ordezkari bezala Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteko lehendakari den Jon Ariño dago.
Etapa berriaren hasiera
Otsailaren 22 eta 23an, Kontseiluak Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) duen egoitzan bi eguneko barne saioak antolatu zituzten aurreko Batzordearen eta berriaren arteko informazio trukaketa egiteko. Barne saio horietan, Lurraldeetako nekazaritza ekologikoko elkarteen beharrizanak ezagutzera eman zituzten, Kontseiluko proiektu desberdinak aurkeztearekin batera. Horrezaz gain, batzordekideekin etorkizuneko erronkez jarduteko mahai borobila antolatu zuten. Aukera hori baliatu zuten lantaldeak identifikatuta zeuzkan zenbait formakuntza-beharri erantzuna emateko, adituen laguntzarekin gai jakin batzuk landuz.
Nekazaritza ekologikoaren bilakaera EAEn
2023an ekoizpen eredu ekologikoan kudeatutako 1.668 hektarea berri ziurtatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Horrenbestez, guztira, 10.772 hektarea daude ekologikoan ziurtatuta. Azaleraren aldetik, Bizkaian eman da hazkunderik nabarmenena, % 29ko igoerarekin, abeltzaintza- jardueren izen ematearen eraginez. Beste lurraldeetan hektarea-kopurua apalago hazi da: %20 Gipuzkoan eta %13 Araban. Kontuan izan behar da, hala ere, ekologikoan ziurtatutako azaleraren erdia baino gehiago Araban dagoela (%55), eta honen atzetik datozela Gipuzkoa (%24,5) eta Bizkaia (%20,5).
Eragile kopuruari dagokionez, Kontseiluaren erroldak %3ko igoera izan zuen 2023an (guztira 51 profesionalek eman zuten izena nekazaritza ekologikoan). Nabarmentzekoa da izen emateen %80 ekoizpen konbentzionalean jarduten zuela aurretik eta eredu ekologikorako urratsa eman dutela. Bestalde, alta berrien %35 titular gazteak dira (45 urtetik beherakoak) eta horietatik %80ek beren jarduna osotasunean ekoizpen ekologikora bideratzeko erabakia hartu du.
Lurraldeka, hazkunde handiena Araban eman zen (%7koa). Hala ere, Gipuzkoak jarraitzen du izaten profesional gehien dituen herrialdea. Bizkaiak, aldiz, %2ko jaitsiera jasan du 2023ko datuekin alderatuta.
‘Baserritik mahaira’ erronka
Nekazaritza ekologikoak goranzko bidea jarraitu arren, une honetan EAEko nekazaritza lurren %5 ekologikoan ziurtatuta dago, oraindik urruti Baserritik mahaira Europako Itun Berdearen helburua betetzeko: hau da, 2030ean lurren % 25 ekologikoa izatea. “Egungo egoerak argi erakusten du EAEko nekazaritza ereduak ekologikoranzko bilakaera nabarmena eman beharra daukala datozen 6 urteetan, helburua beteko bada”.
“Erronka horri heltzeko bidean garrantzitsua” da, alde batetik, bertako ekoizpen ezaugarrietara egokituta dagoen nekazal ekoizpen ekologikoa babesten jarraitzea, agroekologia bultzatuz. Eta bestetik, ekoizleentzat merkaturatze modu duinenak indartzea eta kontsumitzaileei horiek erabiltzeko erraztasunak ematea”.
Azkenik, gizartearen zati handi batek ekologia, ingurumena, osasuna, bizitza eta ondo elikatzearen inguruan “kontzientziazio handia” du, “baina ekintzarako deia egin behar da, erronka bertako elikagai ekologikoak aurkitu eta erostea baita”.