Zatika emakumezkoen txirrindulari talde urretxuarra, martxan
Taldean bost goierritar daude: Eguzkiñe eta Olatz Romaratezabala zumarragarrak, Oneka Sanchez beasaindarra, Arene Perez mutiloarra eta Lur Zufiria ormaiztegiarra.
Urretxuko Udalaren babesa duen Zatika-Goierri emakumezkoen txirrindulari taldeak denboraldiari hasiera eman dio. 15 txirrindularik osatzen dute taldea. Bi txirrindulari berri dituzte: Olatz Romaratezabala kadete mailako zumarragarra eta Nahia Imaz 23 urte azpiko altsasuarra. Taldean bost goierritar daude: Eguzkiñe eta Olatz Romaratezabala zumarragarrak, Oneka Sanchez beasaindarra, Arene Perez mutiloarra eta Lur Zufiria ormaiztegiarra. Zuzendariak Marcelo Andre Favre urretxuarra eta Joseba Irizar zumarragarra dira. Babesle nagusiak Zatika Bike denda, Urretxuko Udala, Irizar, Euskadi Low Cost eta Gipuzkoa Kirolak dira.
Denboraldiko lehen lasterketa Errenterian egin zuten. Intza Navarro hernaniarra bigarren postuan sailkatu zen. Olatzen lehen lasterketa izan zen eta ausart eta gogotsu aritu zen.
Igandean Espainiako Kopako lehen proban parte hartu zuten, Nojan (Kantabria, Espainia). Urretxuko taldeak Estatuko onenekin parte hartzen du, Espainiako Kopan. Open Mailan, Imaz zazpigarren postuan sailkatu zen. Eta Zatika-Goierrik hirugarren postua lortu zuen taldekako sailkapenean. Navarro bederatzigarren postuan sailkatu zen gazte mailan.
Hurrengo lasterketa martxoaren 17an izango dute, Beasainen. Martxoaren 24an Pontevedran (Galizia) arituko dira. Bi proba horiek Espainiako Kopakoak dira.