Tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egingo du Beasaingo Udalak
Beasain tentsio handiko eremu izendatzeari buruzko mozioen artean EAJrenak jaso du bozka gehien. Prozesua osatuko den zalantzan jarri du EH Bilduk.
Etxebizitza eskuratzeko arazoa izan zen pasa den ostegunean egin zen otsaileko osoko bilkurako gai nagusia. Mahai gainean, Beasain tentsio handiko eremu izendatzeari buruzko mozioak jarri zituzten, bi izan baitziren. Bata, EH Bilduk aurkeztutakoa, PSE-EEk eta Podemosek babestu zutena. Bestea, EAJk aurkeztu zuena. Alderdi jeltzaleak gehiengo absolutua izanik, eurek aurkeztutako atera zen aurrera.
Udalerri bat etxebizitza eremu tentsionatua zer den, Espainiak onartutako Etxebizitza Legeak zehazten du. Eremu horietan, etxebizitzaren merkatuko baldintza espezifikoengatik, hala nola alokairuaren prezio altuengatik edo hipoteka-kostuengatik, etxebizitzen eskaintza biztanleentzat nahikoa ez izateko arriskua dago.
Tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera baina, tokiko erakundeek egin behar dute, eurak dira gaitasun hori dutenak, beti ere Etxebizitza Legeak aipatzen dituen baldintzak betetzen badira. Baldintza horien artean daude etxebizitzaren prezioa KPIaren gainetik hiru puntu igo izana azken bost urteetan eta herritarrek etxebizitzaren ordainketarako soldataren %30 baino gehiago bideratu behar izatea.
Beasainek izendapena jasotzeko baldintzak betetzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzaren Behatokiak abenduan argitaratu zuen txostenaren arabera; errentak azken bost urteetan izandako igoera %17,39 izan da (ezarritako %17tik gorakoa). Halaber, 2022ko bataz besteko alokairu-errenta 640,50 euro izan zen. Bestetik, etxebizitzaren errenta ordaintzeko ahaleginaren portzentaia, %24,06 izan zen (%30tik behera).
Beasain tentsio handiko eremu izendatzeak, alokairuaren prezioak arautzeko aukera emango du, besteak beste.
Irakurketa desberdinak
Gai honi lotuta osoko bilkuran landu zituzten bi mozioek, bide horretan eskaera zehatzak egiten dituzte. Hasiera batean, ez dago alde handirik bi alderdiek aurkeztutako testuen artean. Beasain tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera formala egiten dute. Eskaera egiteko memoria justifikatiboa eta ekintza plan bat aurkeztu behar dira. Era berean, prozesua berehala abiatzeko eta diagnostikoa ahalik eta zehatzena izan dadila eskatzen dute bi alderdiek.
EAJren mozioak baina, honakoa dio azkeneko puntuan: «Azterketa horren emaitza eskuartean, udalak egoki ikusten badu, Eusko Jaurlaritzari gune tentsionatuen izendapen eskaera ofiziala egin dezala».
Mozioaren puntu horretan jarri du arreta EH Bilduk, kezka adieraziz. «Ez da argitzen emaitzak jaso ondoren urratsak ematen jarraituko den, iruditzen zaigu zalantzagarria dela».
EAJren Udal gobernuak horri erantzunez azpimarratu nahi izan du, «2023 urtean, ez inork, ezta oposizioko alderdiek eskatu gabe, 2024 urteko aurrekontuetan txertatu zuen Beasaingo etxebizitzen inguruko azterketa egiteko diru-lerroa, abenduaren 5eko osoko bilkuran onartu zena», eta erantsi du, «EH Bilduren udal taldea jakitun dela azterketa hori abian dela, zein enpresarekin egingo den eta lau hilabeteko epean aurkeztuko direla honen emaitzak».