Hartu Arte, 25 urteak ospatzeko egunaren zain
Larunbatean elkartuko dira Legazpiko musikariak ospakizunerako, Parabellum taldearekin batera kontzertua egiteko. Azokan izango da, 22:00etan, eta sarrerak agortuta daude. Arratsaldean, Elektrotxufla elektro-txaranga ibiliko da kalejiran, herriko erdigunean.
Askori bezala, pandemiak atzeratu egin zion Hartu Arteri ere 2000. urterako aurreikusita zuen ospakizun handia. Punk-rock aldeak 25 urte betetzen zituela eta, festa batekin ospatu nahi zuen urteurrena, eta ezinezkoa izan zen. Baina musikariek ez zuten etsi, eta lau urteko atzerapenarekin bada ere, hemen da 25. urteak ospatzeko festa. Larunbat honetan izango da, eta oraingoan bai, goitik ospatuko dute, Elektrotxufla elektro-txarangarekin eta Parabellum taldearekin
Txarangak kaleko giroa alaituko du arratsaldean, eta Parabellum taldeak kartelera konpartituko du legazpiarrekin Azokan 22:00ean hasiko den kontzertuan. Sarrerak agortuta daude.
Hartu Arte, 1994tik
Ibilbide luzekoa da Hartu Arte. 1994-1995 urte bitartean sortu zen. Lehen kontzertua 1995eko apirilaren 29an egin zuen, Santikutz jaien atarian herriko beste talde batzuekin batera, eta azkena 1917ko apirilaren 17an, Gaztetxean. Bitartean, 65 kontzertutik gora egin zituzten, Legazpin bertan eta hainbat herritan, batez ere gaztetxeetan eta jaietan.
Hartu Arte taldearen aurrekaria Los Ruidos izan zen, Beñat Ayerbek, Iker Conejok eta Joseba Garcia de Andoinek osatutakoa. Orduan grabatu zuten Roa abestia, gero Hartu Arteren diskografian geratu zena. Ikasten ari ziren oraindik, eta bateriarik ez zutenez, kazuela tapa bat eta txistukarien atabal bat erabili zuten, espainiar gitarra batekin. YouTuben entzun daiteke orain.
Gero Iraultza sortu zuten Ayerbek eta Conejok gitarrekin, Aitor Trejok bateriarekin, Asier Altzelaik baxuarekin eta Unai Manso ahots nagusiarekin lagunduta. Garaje batean hasi ziren, baina berehala joan ziren Motxorrora, eta han, Aki no Kabe ni Dios taldearekin konpartitu zuten lokala.
Laster hartu zuten Hartu Arte izena. Hasierako formazioarekin jarraitu zuen taldeak, 2002an Iker Conejoren ordez Endika Agirregabiria sartu arte. Taldearen agurrera arte, makina bat kontzertu egin zituzten Legazpin eta beste herri askotan, eta hainbat bideo utzi zituzten grabatuta, orain YouTuben ikusgai daudenak, baita Motx diskoko Gaztetxea abestia ere. Taldearen lehen abestia izan zen
Baina Hartu Arte taldearen lanik esanguratsuenak 2005ean kaleratutako Hartu Arte izeneko CDa eta agurreko kontzertuan zuzenean grabatutako DVDa dira.
25 urteak ospatzeko
Agurreko kontzertua egin zuten, bai, baina taldekideek berriz elkartzea erabaki zuten, 202oan beteko zituen 25 urteak ospatzeko. Proiektu hartarako Asier Altzelaik ezezkoa esan zuen, eta haren ordez Oier Gabiria sartu zen, baxuarekin.
Hartu Arteren itzulerako kontzertuaren bultzatzaile nagusiak taldeko jarraitzaile sutsuak ziren Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi izan ziren. Haien eta Beti Gazte elkartearen bultzadarekin, 2019eko azaroan hasi ziren entseatzen, baina 2020an pandemia iritsi zen, eta bertan behera geratu zen guztia.
Gauzak normalizatzen joan zirenean, berriz heldu zioten proiektuari, baina asmoak atzeratzen joan ziren, Iñurri eta Andoni ere hil ziren… Hura gertatutakoan erabaki zuten kontzertua bai ala bai egitea erabaki zuten, taldeko bi jarraitzaile haiek gogoratzeko. Izan ere, taldearekin oso harreman estua izan zuten biek, Andonik interneteko gaiez arduratzen zelako, eta Iñurrik abestiren baterako edo besterako hitzak idatzi zituelako.
Omenaldiz beteriko festa
Larunbatean lehengo eta oraingo Hartu Arte taldeko kide guztiak igoko dira taulatura, zazpiak. Parabellum izango dute lagun, udalaren eta Beti Gazte eta Txo Esna! elkarteen laguntzarekin antolatutako kontzertuan. Sarrerak agortuta daude, gehienak lehen salgai jarritako lehen egunean salduta Taldearen kamiseta ugari ere saldu dituzte.
Larunbateko festa handia izango da, eta 19:00etan hasiko da, Elektrotxufla elektro txarangaren kalejirarekin.
Baina festa bakarrik ez, joandako lagunak gogoratzeko tartea ere izango da Hartu Arteko lagunentzat, eta horregatik deitu dute larunbateko hitzordua Hartu Arte bete bihotz. Baina Andoni eta Iñurriz gain, joandako beste batzuk ere izango dituzte gogoan.