Amiantoak kaltetutako langile batek epaitegietara eraman du CAF
142.897,7 euro erreklamatzen dizkio CAF enpresari kalte-ordainengatik. Asviamie elkarteak deituta elkarretaratzea egin dute Donostiako epaitegiaren atarian.
Amiantoarekin lan egitearen ondorioz gaixotutako CAF enpresako langile ohi batek epaitegietara jo du enpresari kalte-ordaina erreklamatzeko. Gaur burutuko da epaiketa. Bitartean kanpoan, Asviamie-k deituta, langilearentzat “errekonozimendua eta erreparazioa” aldarrikatu dituzte.
Santos R.A langileak CAF Beasaingo galdategian lan egin zuen 1964ko uztailaren 9tik 1994ko ekainaren 18ra bitartean, eta galdaketa-labeen isolamenduan erabiltzen zen amiantoaren eraginpean egon zen.
2022ko ekainaren 21ean, Zumarragako ospitalean egin zizkioten azterketa medikuetan biriketako alterazio ari-moderatua erakusten zuen eta pleura plaketan kaltea diagnostikatu zioten amiantoaren erruz.
2022ko abenduaren 29an, lanbide-gaixotasunak eragindako ezintasun iraunkor absolutua aitortu zion gizarte segurantzak, 93 urte zituela.
Amiantoaren kaltetuen elkartetik nabarmendu dute, “legeriak eskatzen zituen prebentzio eta segurtasun neurriak hartu gabe gertatu zen langile hau amiantoaren eraginpean egotea. Horregatik, 142.897,7 euro erreklamatzen dira kalte-galerengatik”.