Ataunen hiru hilero auzolana egiteko dinamika hasiko dute
Ataungo herriguneak eta mendialdea txukun mantentzeko helburuarekin, hiru hilean behin auzolana deituko du udalak. Herritarren arteko borondatezko ohitura hori indartu, eta egutegi, langintza eta beharraren araberako eremuka antolatuko dute. Deialdi bakoitzean bi lan mota gauzatuko dituzte: batetik, herriguneetako lanak eta, bestetik, mendikoak. Izena eman behar da aurrez, Google Forms Interneteko plataforman.
Herriguneetako auzolanetan, oro mantenu eta garbiketa lanak egingo dituzte ataundarrek. Mendian, berriz, hondakindegi isolatuetako zaborra bildu eta erreka inguruak leheneratu.
Gisa horretako lehen auzolana larunbat honetan egingo dute, eta udalak aurreratu ditu egin beharreko lanak. San Gregorion (09:00) eta San Martinen (08:50) zaborrak jaso, lorontzietan loreak landatu, kimaketak egin eta hiri-altzariak garbituko dituzte.
Zuhaitz landaketa ere bai
Hirugarren auzolan bat ere izango da, etzi. Lehengo igandean eguraldi txarragatik bertan behera utzitako zuhaitz landaketa egingo dute, bereziki haurrekin, Espillasoron (Urkillaga, 09:30ean). Mokadua Aiako Haitzarri elkartean izango da gero.