Elkarretaratzea izango da Seguran Lapurdiko sei atxilotuei elkartasuna adierazteko
Atxilotuetako bi Iparra-Hegoako antolakuntza taldeko kideak dira. Asteazken goizaldean atxilotu zituzten, besteak beste, uztailaren 14ko protestetan parte hartzea egotzita.
Atzo goizaldean sei lagun atxilotu zituen Frantziako poliziak Lapurdin. Kazeta.eus-en argitaratu dutenez, bi gazte Urruñan atxilotu zituzten, beste bi Hendaian, bat Baiona eta seigarrena Kanbon. Atxilotuetako bi, Euri Albizu Iparra-hegoako antolatzaileetako batek esan duenez, Seguran aste honetan ospatzen ari den Iparra-Hegoa kultur asteko antolakuntza taldeko kideak dira. Hori horrela, eta sei atxilotuei elkartasuna adierazteko asmoz, 19:00etan elkarretaratzea deitu du Iparra-Hegoak Segurako Errebote plazan.
Iturri beraren arabera, atxilotuetako bost, behintzat, U14 Kolektiboko kideak dira eta uztailaren 14ko protestetan parte hartzea eta erretreten erreformaren kontrako manifestazio batean istiluak eragitea leporatzen diete, besteak beste. Atzo jakitera eman zenez, sei atxilotuetako bat behintzat libre utzi zuten atzo bertan.
Albizuk adierazitakoaren arabera, “Etxepare institutuko ikasle ohiak dira” atxilotu dituzten Iparra-Hegoako antolakuntzako bi kideak; Seguran aste honen baitan egiten duten ikasleen arteko topaketan izan zuten lehen harremana Iparra-Hegoarekin. Ondoren, kultur astearen antolaketan lanean jarraitu dute.