Larunbatean Les Abellesen kontra jokatuko du Ampo Ordiziak, Valentzian
Bigarren itzuliko bigarren partida izango da. B multzoko sailkapenean lehenengo postuan dago Ampo Ordizia, Barça Rugby-rekin berdinduta.
Aurreko asteburuko atsedenaldiaren ondoren, asteburu honetan bigarren itzuliko bigarren partida jokatuko du Ampo Ordiziak. Valentziara bidaiatuko dute, larunbatean Les Abelles-en kontra jokatuko baitute, 15:00etan.
Emaitza positiboarekin ekin zion taldeak bigarren itzuliari. Otsailaren 24an Pasek Belenos-en aurka 31-45 irabazi zuten, Avilesen. Hala, lehen itzulian zein bigarreneko lehen partida horretan lortutako puntuekin B multzoko lehenengo postuan dago Ampo Ordizia. 23 puntu dituzte. Bigarren postuan dago, puntu berdinekin, Barça Rugby. Hirugarrena, Complutense Cisneros, gertu dago, 20 punturekin. Les Abelles, ordiziarren etziko aurkaria, laugarren postuan dago 17 punturekin.
Bigarren itzuliak bost jardunaldi ditu. Larunbateko partidaren ondoren, beste hiru partida izango dituzte jokatzeko. Bost horietatik bi partida jokatuko ditu Ampo Ordiziak etxean: martxoaren 24an, Pozuelo-ren aurka, eta azkena (oraindik eguna eta ordua zehaztu gabe dago), Barça-ren aurka. Play-offak ditu jokoan Ampo Ordiziak.