Lehen urratsak berdintasunerantz
Zegamako Berdintasun taldea sortu dute herriko hainbat emakumek. Bihar arratsaldean aurkeztuko diete herritarrei. Berdintasunerantz lehen urratsak ematea dute helburu.
Zegamako lehenengo Berdintasun taldea sortu dute herriko hainbat emakumek. Abenduaren hondarrean egin zuten lehendabiziko bilera eta adin ezberdinetako hamasei bat emakume bildu ziren bertan. Talde anitza bildu da ikasleak, lanean dabiltzan gazteak, amak, adinekoak… Ainhoa Errasti Zegamako Berdintasun zinegotziak esan duenez, lehen urratsak ematen hasi dira, «herriko emakumeak biltzeko gune bat sortu eta ideiak sortzeko» helburuarekin.
Lehendabiziko pausoa partaideen artean jarrerak gerturatu eta komunean dituzten ikuspuntuak zehaztea izan da. Hasteko, martxoaren 8an, ekainaren 28an —lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen askapenerako nazioarteko eguna— eta azaroaren 25ean —Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna— hainbat ekintza antolatzea adostu dute. Horretaz gain, formakuntza saioak antolatzea edo irakurketa partekatuak egitea ere jarri dituzte jomuga.
Bihar arratsaldean aurkeztuko diete taldea herritarrei eta horretarako egitaraua antolatu dute. Hausnarketarako gunea jarriko dute plazako kioskoan 17:30ean, egunkarietako errekorteekin, bertsoekin, idatziekin… apainduko dute. Eguneko zentroak egindako kartel bat ere egongo da, eta Aitxuri herri eskolako haurrek M8aren harira egindako lip dub-ean erabilitako hainbat material ere jarriko dituzte ikusgai. 19:00etan, kalejira egingo dute herrian zehar,19:30ean triki-potea antolatu dute eta amaitzeko, 21:00etan modakutxoa izango dute udaletxeko atarian.