Ttipi-ttapa morearekin keinu egin diote Martxoaren 8ari Ormaiztegin
Oin-Harriak jubilatu elkarteko kideak eta San Andres herri eskolako ikasleek egin dute elkarrekin. Pasa den ostiralean antolatutako emakumeen arteko hizketaldia “jendetsua” izan zen.
Ormaiztegin Martxoaren 8aren harira antolatutako egitaraua martxan da dagoeneko. Atzo, adibidez, Ttipi-ttapa more musikatua egin zuten Oin-harriak jubilatu elkarteko hainbat kidek eta San Andres herri eskolako Haur Hezkuntzako haurrek elkarrekin. Atzoko jarduerarekin jarraipena eman nahi izan diote urte hasierarekin martxan jarritako egitasmoari, Ttipi-ttapa belaunaldia ezberdinetako herritarrak elkar ezagutzeko topagune bihurtzeari, alegia.
Atzokoa ez da izan, hala ere, Martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitarauko lehendabiziko ekintza. Izan ere, pasa den ostiralean, martxoak 1, Ormaiztegin bizi diren adin eta jatorri ezberdinetako emakumeekin hizketaldia egin zuten Gizarte etxean. Bost emakume gonbidatu zituzten: Rosario Berasategi, Lierni Unzurrunzaga, Jaqueline Torres, Sanaa Nouamany eta Elene Gaztelu. Hauekin batera arratsalde pasa egitera emakume talde ederra hurbildu zen. Amaieran merienda txiki bat izan zen hurbildu ziren herritar guztientzat.
Jarraian duzue biharko eta datozen egunetarako antolatutako egitarau osoa: