Ataungo Artzate meatzegunera irteera gidatua egingo dute etzi
Ataungo meatze gune garrantzitsuenetako bat bertatik bertara eta adituen azalpenekin ezagutzeko aukera izango da, igandean. Atauniker taldeak Artzateko haitzera irteera antolatu du. San Martingo plazan 09:00etan elkartuta, oinez joango dira, Agerretik eta Urrestarazugarakotik. Artzateko meatzegunea ikuskatutakoan, Arrondo auzora jaitsiko dira, atzera plazan amaitzeko.
Txomin Ugalde eta Giorgio Studer meatze arkeologian adituek emango dituzte azalpenak. Garai ezberdinetako meatzaritza lanak eta teknikak ezagutzeko aukera izango da, ibilaldian zehar.
Hiru mendetako jarduera
Ataunikerreko Jexux Aizpuruak aurreratu duenez, Ataunen hiru mendetan, gutxienez, badira meatzaritzan jardun izanaren zantzuak. «XVIII. mendetik XX. mendera arte ustiatu dira hainbat meatze gune, edo mea bila saiatu behintzat; Iñurrieta aldean, Jentilbaratza barrenean, Armontaitz inguruan edota Artzateko mailoan».
Ibilaldira kopetako argia eramateko gomendatu dute, barrunbe batzuetara sartuko direlako. Bidearen zati bat trakets samarra dela ere ohartarazi dute.
25 lagunetara mugatu dute ekimena, eta mezu bat idatzita izena eman beharra dago (ataunikertaldea@gmail.com).