Haur eta gazteentzako eskaintza aurkeztu du Idiazabalgo Udalak
Aste Santuetarako Udaberrilekuak antolatu dituzte. Apiriletik ekainera arteko larunbatetarako Xapolarunbatak. Izena emateko epea martxoaren 17ra arte egongo da irekita.
Aste Santuetako oporrak hurbiltzen ari direla eta, opor egun horietako haur eta gazteen aisialdirako Udaberrilekuak ekimena antolatu du, urteroko legez, Idiazabalgo Udalak. Gainera, apiriletik ekainera bitarteko larunbatetarako —bost saio izango dira guztira— Xapolarunbatak ere prest daude jada.
Udaberrilekuak HKko 3 urteko haurretatik hasi eta LHko 6. mailara arteko haur eta gazteei zuzenduta daude. Goizetan, 10:00etatik 12:30era burutuko dituzte ekintzak martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 2, 3, 4 eta 5ean. Asteka apuntatzeko aukera dago.
- 1. astea: 12 euro (3 saio)
- 2. astea: 16 euro (4 saio)
- Dena: 28 euro (7 saio)
Bestalde, Xapolarunbatak apirilaren 13an eta 27an, maiatzaren 11n eta 25ean eta ekainaren 8an egingo dituzte. HHko 4 urte eta LHko 5. mailara arteko haur eta gazteei zuzenduta dago. Bi taldetan banatuta egingo dituzte ekintzak, HH4 eta LH2ra artekoak batetik —11:00etatik 13:00etara—, eta LH3tik LH5era artekoak bestetik —16:30etik 18:30era—. Bost saioetarako prezioa 20 eurokoa da.
Udaberrilekuetan edo Xapolarunbatetan izena emateko epeak irekita daude jada. Martzaoren 17a izango da, bi kasuetan, apuntatzeko azken eguna. Liburutegian eman daiteke izena, baita on-line ere. Zerbitzuan baja emateko azken eguna martxoaren 22a izango da. Data horretatik aurrera ez dute itzulketarik egingo.