Kale animazioa, gastronomia eta musika Iparra-Hegoa agurtzeko
Aste barruko ekintzak arrakastaz burutu eta gero, asteburuan egongo den jai giroko egitarauari heltzeko puntuan da 27. Iparra-Hegoa Seguran. Urtero gai bat ardatz hartuta osatzen dute egitaraua eta aurten, kantua da gidalerroa, Kantoietatik Kantaurira kantua ari du lelopean.
Mugaz gaindiko kultur astea da Iparra-Hegoa. Euskal Herria batzeko dinamika, ezarritako mugak gainditzeko ahalegina egiten duen ekimena. Horren adibide garbiak dira Urruñako (Lapurdi) ikastolako eta Baionako (Lapurdi) Etxepare Lizeoko ikasleekin astean zehar egindako topaketak. Gaur, adibidez, Etxeparekoak Lazkaoko artxibategira bisita egingo dute eta Segurako haurrentzat prestatu dituzten haurrentzako jolasak egingo dituzte 16:30ean.
Gaur, Martxoaren 8ko aldarrikapenekin bat egingo du Iparra-Hegoak. Hala, herriko hainbat eragilerekin batera antolatutako manifestazioa eta ekitaldia egingo dituzte 18:30ean. Ondoren, arkumea burruntzian dastatzeko aukera egongo da, 21:30ean, Ixtalok kale animazioa eta 23:30ean Frigo eta Dj Bull-en kontzertua.
Gereziondoko ekitaldia
Mendi ibilaldiaren ondoren, boteluzea izango da 12:00etan, bihar. Eguerdian, aperitifa Lizeoko txarangarekin eta gazte bazkaria karpan. Arratsaldean, kale animazioa izango da, baita talo eta garagardo dastaketa ere. Gauean, Balantza eta Kontrabandarekin kontzertua.
Asteari amaiera emateko, igandean, Euskal Herriko txoko ezberdinak ordezkatzen dituzten elkarteen sukalki lehiaketa egingo dute eta 13:00ean, Euskal Herriko herrien lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldia. Bazkaria eta Imuntzo eta Belokiren emanaldiaren amaituko dute 27. Iparra-Hegoa.