Legazpiarrek emakumeen aldarrikapenak eraman dituzte plazara
Gaur, Martxoak 8, eta Legazpiko Asanblada Feministak antolatuta, elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean. Herritar ugari elkartu da bertan.
Martxoaren 8ko aldarrikapenak plazara eraman dituzte gaur arratsaldean legazpiarrak. Legazpiko Asanblada Feministak antolatuta, elkarretaratzea egin dute 18:00etan udaletxe aurrealdean legazpiarrek. Zaintzaren gaiaren inguruan puntua jarrita, “Gure bizitzekin negoziorik ez” leloa zeraman pankartaren buelta bildu dira herritar asko.
Elkarretaratzean zehar, antolatzaileek aldarrikapenak irakurri dituzte banan bana. Hauek dira:
Gaur, Martxoak 8, emakumeon nazioarteko eguna probestu nahi dugu zaintzaren Gaia berriro ere plazaratzeko. Izan ere, azaroaren 30eko grebaren harira landutakoek agerian utzi zuten herri mailan asko dugula hobetzeko. Zehazki, hauek dira Legazpiko Zaintza Asanbladaren aldarriak:
● Atzegiko langileentzat konbenio duina bermatzea.
● Anbulategian falta den medikua ekarri eta ratioak hobetzea.
● Eguneko zentroan falta den langilea ekarri eta ratioak hobetzea.
● Etxez etxeko langileen (SAD) lan osasuna bermatzea, bizitzarekin bat egiten duten ordutegiak, egonkortasuna eta soldata duinak eduki ditzaten
● Ezkurrenea: Espazio berria baina zein zaintza-eredurekin? Ez dugu Meaztin langileek dituzten lan balditzak beste espazio batean erreproduzitzerik nahi.
● Ume eta familientzako zaintza guneak (ludoteka publikoa, edoskitze gunea…) sortzea.
● Zaintzako azpikontratekin eta externalizazioarekin amaitzea: zerbitzuak publifikatzea!
● Kontziliazio neurriak hobetzea
● Zaintza arloko lanpostu beharra ezkutatzeko boluntariotzaz ez aprobetxatzea.
Zaintza ereduaz hitz egiteko garaia da. Sistema publiko baten beharra aldarrikatuz pribatizazioa salatzen jarraitzekoa. Sistema arrazista erauzteko aliantzak ehuntzekoa.
Gobernantza ereduak kuestionatu eta bestelako ereduak exijitu nahi ditugu. Zaintza lanen
beharrezkotasuna aintzat hartuta, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko prozesua martxan jarri du Mugimendu Feministak.
Euskal Gobernuetatik ematen ari den kudeaketa penagarria da. Zaintza langileen lan baldintzak hobetzeko ez da inolako neurririk hartzen. Sistema publikoa indartu beharrean, pribatizazioan sakontzen jarraitzen dute.
Sistema heteropatriarkal kapitalista eta arrazista honetan, emakume* langileok gara kolpatuen. Soldata arrakalaren datuak ikustea besterik ez dago hori baieztatzeko.
Emakumeok ditugu lan prekarioenak. Lan erregimen orokorretik kanpo dauden lanen gehiengoa ere emakumeon gain dago, eta ordaindu gabeko lanaren gehiengoa ere bai, azken horiek zaintza lanei estuki lotutakoak.
Ezin dugu desiratzen dugun herria eraiki gaurtik hartu beharreko urratsetan pentsatu gabe. Bizi dugun sistema heteropatriarkala suntsitu eta bizi eredu eraldatzaileak eraikitzera goaz gaurdanik, eta trantsizio horretan urgentziazko neurriak adostu, exijitu eta hartu behar ditugu.
Mugimendu Feministan aspaldi erabaki genuen zain ez egotea, eta azken urte luzeetan emandako urratsak egindako lanaren ondorio izan dira. Aipatutako guztia ez litzake posible izango militantziarik eta antolakuntzarik gabe.
Mugimendu Feministatatik nahiz herri mugimenduetatik erantzun bateratu bat eratu behar dugu. Orain arteko bide beretik jarraitu behar dugu, herriz herri eta auzoz auzo. Mugimendu Feminista indartsu eta osasuntsu bat eratzen jarraitu behar dugu etorkizunean ditugun erronkei oinarri sendoa jartzeko. Merezi du mugimendu honen parte izateak, mundua aldatzen ari da eta gu mundua aldatzen ari gara!
Gora borroka feminista! Gora Euskal Herria Feminista!