Aner Peritzek irabazi du Osinberde saria
Maddi Aiestaran sailkatu da bigarren, eta biak sailkatu dira Gabiriako Osinalderako. Entzuleen saria Janire Arrizabalaga gernikarrarentzat izan da.
Aner Peritzek (Zarautz, 2002) irabazi du bart Zaldibiako Joxepane Herri Ostatuan jokatu den bertsolari gazteentzako XI. Osinberde sariketa. Haren atzetik Maddi Aiestaran (Beasain, 2001) sailkatu da, eta horrenbestez, biak sailkatu dira apirilaren 6an Gabirian jokatuko den Osinalde sariketarako.
Entzuleen saria, berriz, Janire Arrizabalagak (Gernika 2003) jaso du. Joxepaneko arduradun Lurdes Barcinaren eskutik jaso du egurrezko tailla dotore bat.
Kantuan beste hiru bertsolari gazte ere aritu dira: Josu Ibarguren (Oiartzun, 2000), Ekain Alegre (Altsasu, 2001) eta Maite Sarasola (Deustu, 2001). Bertsolari bakoitzak sariketan parte hartzeagatik oroigarri bana jaso du eta Aner Peritzek, horrez gain, irabazlearen garaikurra ere bai.
Gai jartzaile lanetan Joxi Irastortza zaldibiarrak jardun du, eta epaile Martin Aramendi, Mikel Urteaga, Alaitz Sarasola eta Iñaki Murua Gorriñe izan dira. Ekhi eta Iker Irribarria trikitilarien laguntza izan dute bertsolariek kopletan aritzeko.
Sariketa hasi aurretik 44 lagunek afaldu dute Joxepaneko jangelan, eta saioa hasi aurrean beste dozena bat bertsozale hurbildu dira saioa aditzera. Osinberde saria Zaldibiako Bertsozale Elkarteak (Zabel) antolatzen du.