Iparra-Hegoari amaiera borobila Gereziondoko ekitaldiarekin
Iparra-Hegoari amaiera borobila eman diote Gereziondoko ekitaldiarekin. Musika ardatz eta euskara, kultura, kantagintza zein mugak izan dituzte hizpide.
Martxoaren 4an hasi zen Iparra-Hegoa ekimena Seguran. Geroztik hainbat hitzaldi, bazkari, kontzertu eta abar izan dituzte, baina asteburu hau izan da potenteena, festa giroa nabarmen eta ipar eta hego elkartuta. Gaur azken eguna izanik, amaiera borobila eman nahi izan diote, Gereziondoko ekitaldiarekin.
Euskal Herriko 7 herrialdeetako ikurrak jarri dituzte ekitaldirako, iparraldearen eta hegoaldearen mugak <<ezabatu>> eta Euskal Herriaren <<batasuna>> azaltzeko. Eguerdiko ordu bata pasatxo zen ekitaldiari hasiera eman diotenean. Hasiera txalapartaz eman diote. Ondoren, dantzarien txanda izan da. Hendaiako dantzariak izan dira ekitaldia alaitzen, jantzi dotore eta koloretsuak soinean. Batzuk jantzi tradizionalagoak zituzten eta beste batzuk, berriz, bereziagoak.
Jarraian, poesia irakurri dute, gitarraren soinuak lagunduta. Poesia honetan kantagintzaren inguruan aritu dira, kulturarekiko eta nortasunarekiko honek duen loturaz eta hizkuntzaren <<garrantziaz>>, baita muga ikusezinen inguruan ere. Ondoren, amaiera emateko ekitaldiari, berriro ere ipar eta hego <<elkartuko direla>> adierazi dute eta irrintzi batekin eman diote itxiera Gereziondoko ekitaldiari.