Argindarrik gabe hasi dute II. Energia Astea Ordiziako ikasleek
Jakintza Ikastolako eta Oianguren Institutuko ikasle talde batek Energia Astea antolatu du gaurtik ostiralera arte, udalaren laguntzarekin. Energiaren inguruko lanketa egiteko hainbat jarduera antolatu dituzte.
Oianguren Institutuko eta Jakintza Ikastolako ikasleek II. Energia Astea ospatuko dute aste honetan, udalaren laguntzarekin. Gaur hasi dute astea, argindarrik gabe. Energiaren garrantziaz jabetzeko, argindarra kendu dute goizean bi ikastetxeetan. Oiangureneko ikasleek batukada egin dute eta Jakintzakoek kandelak piztu dituzte itzalaldian.
Bi ikastetxeetako Eskolako Agenda 2030eko ikasle talde bat arduratu da udalarekin batera energia astea antolatzeaz, hainbat bilera egin ondoren. Iazko lanari jarraipena eman diote hala.
Oiangureneko DBH1ekoek ohiko klaseak etengo dituzte aste osoan zehar energiaren inguruko lanketa egiteko. Bihar, DBH2koek jolasak egingo dituzte gaia lantzeko. DBH3koei dagokienez, Zuhaizti Gizarte Zentroan hitzaldia egingo dute ostiralean 10:30ean, Jakintzako Batxilergoko ikasleekin batera. Fakturak aurrezteko gomendioak emango dituzte. DBH4koek ere fakturak landu dituzte eta irakasleei eta familiei aurkeztuko diete ikasitakoa.
Ihes gela
Jakintza Ikastolan ere buru-belarri aritu dira Energia Aste hau antolatzen. Gaurko itzalaldiaren ondoren, bihar, Zer dakizu energiaren inguruan? jolasa egingo dute goizean ikastolan. Asteazkenean, berriz, Azpeitiako Ekoetxean egindako hiri jasangarriaren inguruko lanketa aurkeztuko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek, eta DBH2 eta DBH3koek energiak historian izan duen bilakaerari buruzko erakusketa jarriko dute korridoreetan. Ostegunean, DBH1 eta DBH4ko ikasleek prestatutako ihes gela izango da, jolasten ikasteko.
Ostiralean amaituko da II. Energia Astea, aipatutako Zuhaiztiko hitzaldiarekin eta ikastetxe bakoitzean egingo duten itxiera saioarekin.