Bost txabola geratu dira libre aurtengo larrealdirako Enirio-Aralarren
Ariñate 1, Intzentsao 1, Pardeluts 1 eta 2 eta Zotaleta 2 dira libre geratu diren txabolak. Apirilaren 6ra arte aurkeztu daitezke eskaerak.
2024ko larrealdiari begira, bost txabola geratu dira libre Enirio-Aralarko larre-sailetan. Gaur argitaratu du Enirio-Aralarko Mankomunitateak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean emakida eta proposamenak aurkeztu daitezke jada.
Ariñate 1 (205,77 euro), Intzentsao 1 (205,77 euro), Pardeluts 1 (172,40 euro) eta 2 (83,41 euro) eta Zotaleta 2 (172,40 euro) txabolen esleipenerako lizitazio publikoa deitu dute. Txabola guztientzako 300 euroko bermea ere ordaindu beharko dute onuradunek. Pardeluts 1-en 600 abelburuko artaldea izan ahalko dute gehienez, eta besteetan 500 abelburuko artaldea.
Lehiaketan parte hartu ahal izateko, Mankomunitatearen egoitza den Ordiziako udaletxeko idazkaritzan edo Mankomunitateko edozein udaletxetan aurkeztu behar dute proposamena interesa dutenek. Gaurtik, hogei eguneko epea izango dute, hau da, apirilaren 6ra arte.
Enirio-Aralarko Mankomunitatearen Zuzendaritza Batzordeak otsailaren 14an onartu zuen txabolen erabilpen pribatiboaren kontzesiorako klausula administratibo partikularren pleguaren arabera emango dira kontzesio horiek lehiaketa irekian.