Elgarresta gabiriarrak irabazi du ezti lehiaketa herrikoia Erlezain Egunean
Epaimahaiaren sari nagusiak Goierritik kanpora joan dira. «Maila handiko ezti goxoak» aurkeztu dituzte lehiaketara. Eguerdi aldera, batez ere, hurbildu da jende gehien.
Erletik eratorritako produktuak ezagutzera emateko, eta erlezainek egiten duten lana bistaratu eta balion jartzeko erakusleiho izan da berriz, igandean Zegaman ospatu zen Erlezain Eguna. Iragarpenak kontrakoa zioten arren, eguraldi txukuna egin zuen goizean zehar eta eguerdi partean «jende asko» hurbildu zen, Ainhoa Tolosa Gipuzkoako Erlezain elkarteko idazkariak esan duenez.
Antolatuta zeuden askotariko ekintzen artean, Gipuzkoako 24. Ezti lehiaketa izan zen nagusietako bat. David Mansok (Arrasate) irabazi zuen lehiaketa, eta Luis Nazabal (Elduaien) eta Javier Debesak (Hernani) egin zuten bigarren eta hirugarren. Ezti lehiaketa herrikoia Juan Elgarresta gabiriarrak irabazi zuen.
Udaberriko ezti argia
Aurkeztutako eztien maila goraipatu du Tolosak, «oso ezti garbiak eta goxoak». Ezti irabazlea «udaberri hasierako ezti argi bat» izan da. Gainontzeko biak, berriz, «uda amaieran jasotakoak».
Urtero bezala, Gipuzkoako gozogileek euren gozoak jarri zituzten ikusgai. Gainera, «eztia, polena, argizaria edo propolia» saltzen zuten bost postu ere egon ziren, giro «politak» lagunduta.
Argazkiak: Gipuzkoako Erlezain elkartea eta Zegamako Udala.