Hirukidek federazioaren aurkezpena egingo du bihar Barrena Jauregian
18:00etako aurkezpenera joaterik ez dutenentzako informazioa emango dute leku berean goizez eta arratsaldez. Familia ugarientzako zerbitzu edota deskontuen berri emango dute.
Hirukide Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko familia ugarien federazioak aurkezpen bat egingo du bihar Ordiziako Barrena Jauregiko batzar aretoan, familia ugarientzako dauden zerbitzuen, deskontuen, eskubideen edota laguntzen berri emateko eta familien zalantzak argitzen laguntzeko. 18:00etan izango da.
18:00etako aurkezpenera joaterik ez duten familiek, halere, informazioa jasotzeko aukera izango dute goizez zein arratsaldez, ekitaldi nagusiaren aurretik. 9:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30era egongo dira federazioko arduradunak bertaratzen diren familiei arreta ematen, Barrenan bertan. Izena ematea ez da derrigorrezkoa, baina itxaroten ez egote aldera gomendatu dute hitzordua hartzea. Horretarako, www.hirukide.com webgunean aurki daitekeen galdetegia bete behar dute interesa dutenek.
Ekitaldi nagusian zein egun osoan zehar, familia ugarientzako eskaintzen diren laguntzak eta deskontuak zein diren jakinaraziko dute, Ordiziako eta inguruko herrietako familia ugarien egoerak eta beharrak aztertuko dituzte eta federazioak zertan lagun dezakeen azalduko dute.
Aurtengo berritasunak
Laguntzen harira, aurten zer berritasun onartu diren azalduko dute. Informazio saioen helburua familia ugariek dituzten zerbitzuen jakitun izatea da, federazioak azaldu duenez, askok ez baitituzte ezagutzen.
Berritasunen artean, hiru gai nabarmendu dituzte: batetik, gizarte bono elektrikoak eta gizarte bono termikoak familia ugarietan duten eragina; bestetik, familia ugariek ez dutela NANa edo pasaportea berritzerakoan tasarik ordaindu behar; eta azkenik, familia ugaria izateko baldintzak. Azken horri lotuta, federazioak azaldu du familia ugari titulua etxeko txikienak 21 urte bete arte mantentzen dela (edo 26 urte bete arte ikasten ari bada). Seme-alaba helduena adin hori betetzean titulutik irtengo da, baina familiak ugari izaten jarraituko du.
1999tik
Hirukide Gobernuz Kanpoko Erakundea da. 1999an sortua, 2003an Onura Publikoko Erakunde izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Federazioaren helburua familia ugarien kolektiboaren eskubideak defendatzea da, esparru politikoan, instituzionalean, sozialean, mediatikoan eta enpresarialean. 8.200 bat familia ugarik osatzen dute. Ordiziako zein inguruko herrietako familia ugariak deitu dituzte biharko saio informatiboetan parte hartzera.