'Igeldo'-k galdu egin du 'Erreista'-ren aurkako idi apustua
Harriak idietako bati hanka harrapatuta amaitu zen apustua. Aurreikusi bezala, proba “gogorra” izan zela esan du Iker Zubillaga ‘Igeldo’-k.
Larunbat iluntzean jokatu zen Azkoitiko Geurea probalekuan Ezkioko Igeldoren eta Aiako Erreistaren arteko idi apustua. Iker Zubillaga Igeldok aurreikusi zuen proba “gogorra” izango zela, Erreista ez baita nolanahiko aurkaria.
Goizean, idiak pisatzerako unean, 72 kiloko gainkarga egokitu zitzaien Igeldoren idiei; 45ekoa Erreistarenei. Idi pareak 1.140 kilo pisatu behar zituzten, hortik gora kilo bakoitzeko kilo eta erdiko gainkarga jarri zitzaion bakoitzari.
Azkenean, Erreistaren idiek 50 plaza osatu zituzten eta Igeldorenak ez ziren 46 osatzera iritsi. Proba guztian zehar “kostata” aritu ziren arren, azken unean gertatutako istripua gakoa izan zen azken emaitzan. Zubillagak azaldu duenez, “amaitzeko 3 minuturen faltan Ipintza harriak idi bati hanka harrapatu eta minez, ez atzera ez aurrera” geratu zen animalia. Hor amaitu zen apustua.