Larunbateko osasun publikoaren aldeko manifestaziora joateko deia egin dute Goierriko Pentsiodunek
Bilbon, Gasteizen eta Donostian izango dira. Donostiakoa 17:00etan abiatuko da Bulebarretik.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren deialdiarekin bat eginez, Goierriko Pentsiodunek goierritarrak deitu dituzte larunbatean osasun publikoaren alde egingo diren manifestazioetan parte hartzera. Bilbon, Gasteizen eta Donostian izango dira. Donostiakoa 17:00etan aterako da Bulebarretik. Bertako kioskoan elkartu nahi dira elkarrekin taldean abiatzeko manifestaziora.
Eskaera nagusia, Goierriko Pentsiodunek azaldu dutenez, Oinarrizko Arreta birsortzea izango da: “Plataformek azpimarratzen dute Lehen Mailako Arretak aukera eman behar duela osasun arazoen jarraipena mediku bakar batek egin dezan, bertara zuzenean joatea bermatu behar duela, beharrezko baliabideak izan behar dituela, antolatzeko autonomia izan behar duela eta eskainitako osasun zerbitzuak zabaldu behar dituela”. Bide horretan, Osakidetzaren egungo egoera “arduradun politikoen planifikazio eta kudeaketa publiko arduragabe eta negatiboaren ondorio” dela salatu dute.