Legazpi Herria judo txapelketaren edizio berria jokatuko da larunbatean
Haur mailako 150etik gora judokak parte hartuko dute, toki askotakoak. Urbeltz pilotalekuan jokatuko da, 15:30etik aurrera.
Legazpi Judo taldeak antolatuta, Legazpi Herria nazioarteko judo txapelketaren hirugarren edizioa jokatuko da larunbatean Urbeltz pilotalekuan, 150 partaiderekin. Kirol hitzordu garrantzitsu hori gaur goizean aurkeztu dute udaletxean judo klubeko Asier Berasategi lehendakariak eta Jon Aldabaldetreku entrenatzaileak, Eric Galvez alkatearekin eta Josu Galilea zinegotziarekin batera.
Judoaren aitzakian Legazpi berriz ere kirol esparruaren erdigunean jarriko dela aipatu du Galvez alkateak, eta eskerrak eman dizkie judo klubeko kideei egiten duten lan boluntarioarengatik, “badakigu gaur egun boluntarioak ez daudela soberan”. Kirol horrekin transmititzen diren balioak ere nabarmendu ditu. Galilea zinegotziak, bere aldetik, klubak egiten duen lana jarri du balioan, eta pandemia aurretik 80 inguru kide izatetik 200dik gora izatera pasatu izana aipatu du horretarako, “hori oso esanguratsua da, jartzen duzuen ilusioa transmititzen duzuela argi dago, eta herriak hori eskertzen du”.
Toki askotako partaideak
Hirugarren edizioa da Legazpi Herria txapelketarena, Berasategik gogoratu duenez, “eta bolumena hartzen doa urtetik urtera”. 2019an egin zen lehena, baina pandemiaren erruz geldirik egon zen bi urteetan, eta iaz berreskuratu zuten. Bigarren edizioan 85-bat judoka izan zituzten lehian, eta aurten 150 inguru izango dituzte, “kopuru horrek zirrara eragiten du!”. Larunbateko saioan Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta Gipuzkoako judokez gain, Madrilgoak, Kantabriakoak, Frantziatik eta Andorratikoak ere izango dira parte hartzen.
Txapelketa Urbeltz pilotalekuan jokatuko da, 15:30etik aurrera, eta lau-bat ordu jarraian egingo da, bi domina banaketa ekitaldiekin. Judo federazioko kideak eta udal ordezkariak arituko dira dominak banatzen.
Berasategik eskerrak eman dizkie udal ordezkariei, udalaren aldetik jaso duten laguntzagatik eta jarri dituzten baliabideengatik. Egunean bertan lan egingo duten boluntarioak ere aipatu ditu, klubeko kideak guztiak, 30-35 inguru. Horiei, arbitro federatuak gehitu behar zaizkie.