Filosofia Olinpiadetako finalera pasa dira Jakintza Ikastolako bi ikasle
Izar Aranburu Sanpedro eta Maddi Garate Goikoetxea sailkatu dira ostiralean Eibarren izango den finalera, iruzkina eta argazkilaritza kategorietan.
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko VI. Filosofia Olinpiadako finalera pasa dira Jakintza Ikastolako Batxilergoko Maddi Garate Goikoetxea eta Izar Aranburu Sanpedro ikasleak. Ostiralean izango da finala, 10:45etik 13:00etara, Eibarko Armeria Eskolako Areto Nagusian. Zer da aisia? da aurtengo olinpiadako gai nagusia.
Kategoria ezberdinetan banatzen da olinpiada: bideoa, iruzkina, argazkilaritza, dilema morala eta marrazki filosofikoa. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ikastetxe ezberdinetako ehunka ikaslek parte hartu dute, eta kategoria bakoitzeko hamar finalista hautatu dituzte. Maddi Garate Goikoetxea iruzkina eta argazkilaritza kategorietan sailkatu da, eta Izar Aranburu Sanpedro iruzkina kategorian. Lehen aldia izan dute olinpiada filosofikoan.
2018an sortua
Gai nagusi bat ematen zaie, -aurten aisia-, eta kategoria ezberdinetan zehaztutako bide eta ariketetatik tiraka, bizpahiru minutuko azalpena eman behar dute. Agora Filosofia Elkarteak antolatu du Euskadiko Filosofia Olinpiadaren 6. edizioa, UEU Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin. 2018an sortu zen ekimena, Bigarren Hezkuntzako irakasle batzuen eskutik, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Deustuko Unibertsitatearen, Agora Filosofia Elkartearen eta Espainiako Filosofia Sarearen laguntzarekin.
Helburu nagusia filosofia ikasleen errealitatera gerturatzea da, eta ikastetxeetan bere presentzia areagotzea, euskal gizartean hausnarketa filosofikoa, pentsamendu kritikoa eta elkarrizketa bultzatzeko. Kurrikulumeko edukiekin lotura duten gaiak lantzen dituzte, eta aldi berean, olinpiadek irakasleen arteko harremanak estutzen eta unibertsitatearekiko komunikazioa indartzen laguntzen dute.
Estatu mailako finala
Ostiraleko Erkidegoko finalaren ondoren, apirilaren 19an eta 20an Espainiako Olinpiada Filosofikoa izango da, Bilbon. Fase autonomikoko irabazleek parte hartuko dute estatukoan.