Goierri Kopa eta GRABNI txapelketa izango dute Oianguko pilotariek asteburuan
Goierri Kopako finala larunbatean jokatuko da, 11:00etan, Oianguko lau pilotarirekin. GRABNI txapelketako lehen jardunaldia larunbatean eta igandean jokatuko da.
Aurreko astean atsedenaldia izan ondoren, asteburua partidaz betea izango da Oiangu Pilota Elkarteko pilotarientzat. Batetik, Goierri Kopako finala jokatuko dute lau pilotarik, eta bestetik, GRABNI txapelketa hasiko da, Gipuzkoa ordezkatzeko Oianguko sei pilotari hautatu dituztelarik.
Goierri Kopako finala Olaberriko udal pilotalekuan izango da, larunbatean, 11:00etan. Paleta larruz, Oianguko pilotariek txapelketa bikaina egin dute. Finala Gonzalez-Mendikoa bikotearen Oiarbide-Andonegi bikotearen artekoa izango da.
GRABNI txapelketa hastera doa. Larunbatean eta igandean aurreneko jardunaldia jokatuko da. Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko pilotari onenek parte hartuko dute. Gipuzkoako Federazioak hainbat pilotari hautatu ditu Gipuzkoa ordezkatzeko, eta tartean daude Oiangu elkarteko sei pilotari: Aratz Elorza, Xabier Naldaiz, Xabier Ibarguren, Beñat Ibarguren, Aitor Otegi eta Zuhaitz Letamendia.
Naldaiz-Elorza bikotea 22 urtez azpiko kategorian ariko da, pala motzez; Ibarguren anaiak, berriz, nagusien kategorian jokatuko dute, paleta larruz eta pala motzez; eta Otegi-Letamendia ere nagusien kategorian ariko da, pala luzean. Jose Manuel Garrido olaberritarrak eta Aitor Otegi ordiziarrak hautatzaile lanak egingo dituzte. Garridok nagusiekin lan egingo du, eta Otegik 22 urtez azpikoekin eta jubenilekin.
GRABNIko lehen partidak, hala, larunbatean 15:00etan hasiko dira Olaberrian. Bost partida izango dira lehen egun horretan, Bizkaiko selekzioaren aurka. Igandean, berriz, Otegi-Letamendiak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko dute.