Igartza literatur bekarekin ondu du Lizar Begoñak 'Mundu zitalaren kontra' eleberria
Donostiako Elkar argitaletxean aurkeztu dute Igartza bekaren 25. edizioaren emaitza den liburua.
Igartza literatur sariaren 25. edizioaren emaitza aurkeztu dute gaur, Donostiako Elkar argitaletxean. Lizar Begoña idazle bizkaitarra da egilea. Ondoan izan ditu gaurko aurkezpenean, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorea, Leire Artola Beasaingo alkatea eta Bianditz Iraola CAF enpresako ordezkaria.
Arte ederretan graduatua da Lizar Begoña, lanbidez euskara irakaslea eta prentsan kolaboratzen du. Liburu hau argitaratu aurretik, bi poema liburu kaleratu zituen: Aro beilegia (Donostia Kultura saria, 2020), eta Gepardo japoniarrak (2022).
Oraingo honetan, narratibara egin du jauzia. Mundu zitalaren kontra izenburupean, Benidormeko egunkariak saltzeko kiosko batean kokatzen du kontakizuna. Bertan lan egiten duten bi emakumeak dira protagonista nagusiak: Pilar, XX. mende erditsuan kioskoa ireki zuen arrantzaleren alaba, ahizpa zahar elbarriarekin bizi dena; eta neska gazte bizkaitar izenik gabeko bat, udan lantxo bat izateko hara joana, bere barruko laino-piztiengandik ihesi akaso. Bi bakardade paraleloren kontaketaren bidez, egungo gizartearen erretratu zorrotz bat egiten du egileak.