Parroki elizako organoaren sekretuak agerira atera dituzte
Musika tresnaren zaintzaz arduratzen diren Ricardo eta Paco Burguera anaien ekimenez, barruan duen mekanismoa ikusgai jarri dute, eta nahi duen orok ikusi dezake.
Legazpiko parroki elizako organoak barruan dituen sekretuak agerian jarri ditu, Ricardo eta Paco Burguera anaien ekimenez. Organoaren kaxa barruan dagoen mekanismoa ezkutatzen zituen egurrezko plakak kendu, eta metakrilatozkoak jarri dituzte, gardenak. Horrela, musika tresna horren parte diren hauspoak, tutuak eta beste elementuak bistara geratu dira. Nahi duen guztiak ikusi ditzake, aurretik hitzordua eskatuta.
Burguera anaiak organoaren zaintzaz arduratzen dira, eta bien ideia izan da musika tresnaren barrukoa ikusgai jartzea. Fernando Altolagirre parrokoaren eta organo jotzaile titularra den Ainhoa Enatarriagaren oniritzia jaso zuten proposamena agertu zietenean, baita organoaren mantentze, konponketa eta afinazio lanak egiten dituen Denis Lacorrerena ere. Horrek lana egitera animatu zituen gainera, baina musika tresnaren egitura eta mekanismoa ez ukitzeko baldintzarekin.
800 orduko lana
Hala egin dituzte lanak bi anaiek, Lacorrek emandako jarraibideak kontuan hartuta. 2023ko abuztuan hasi ziren, eta duela aste batzuk amaitu, 800 ordutik gora sartuta. Organoko kaxaren egurrezko panelak kendu eta metakrilatozkoak jartzeaz gain, ate berri bat ere jarri dute barrura sartzeko, zutabeak saneatu eta margotu dituzte, eta hauspoak, tutuak, zorua eta egurrak garbitu dituzte. Gainera, pipiaren aurkako tratamendua ere egin dute behar zen tokietan, eta argiteria aldatu dute, Eliza argi motako led sistema instalatuta.
Horren guztiaren kostua oso baxua izan da, bi anaiek musu-truk egin dutelako lana, birziklatutako material asko erabili dutelako, eta metakrilatozko plakak doan eman dituelako herriko Plasnor enpresak.
Hiru organo jotzaile
Koruko bigarren solairuan dagoen estilo erromantikoko organoa balioan jartzea eta ikusaraztea da egindako lanaren helburua. «Eliza organo bat zer den erakutsi nahi izan dugu, eta horrelako musika tresna sinfoniko bat jotzeak dituen konplexutasunak ulertaraztea», azaldu du Ricardo Burguerak, «batez ere datozen musika belaunaldi berriak musika ingeniaritzaren mirari honekin liluratu daitezen».
Gaur egun hiru jotzaile daude parrokian. Ainhoa Enatarriaga da titularra, baina Marian Lasak eta Elena Agirrek ere jotzen dute tarteka. Hiruak oso gustura daude emaitzarekin.
Gustura dago, baita ere, Fernando Altolagirre parrokoa, eta horrela adierazi du: «Lan bikaina da, orain ikusgai dago hain mimatua eta zaindua dagoen organoa. Oso egoera onean dago, eta barruan dituen altxorrak ikusi daitezke. Bi anaia nekaezin horiek egin dutena opari bat da».
Elizkizunetan jotzen da
Haize instrumentua da organoa, eta Legazpiko parrokikoa transmisio pneumatikokoa da, bi teklatu eta pedalier bat dituena. Barruan bi hauspo eta 1.348 tutu soinudun eta 28 tutu mutu ditu, gehienak eztainuzkoak eta zinkekoak; luzeenak ia bost metro ditu.
Organoa eta horren kokapena koruko bigarren solairuan 1958 eta 1962 artean parrokian egindako obren garaikoa da. Amezua y Cia etxeak egin zuen 550.000 pezetako kostuarekin (3.306 euro). Aurretik zegoen organoaren hainbat pieza berrerabili zituen, besteak beste tutuak, bi hauspo eta pistoiak.
Hiletetan, igandeko mezan eta elizkizun eta ospakizun berezietan jotzen dute. Gainera, maiatzean organo ziklo bat egiten da, eta ospe handiko organo jotzaileak gonbidatzen dira.