Trezz hirukoteak kontzertua egingo du bihar Kirkil tabernan
Luismi Segurado piano jotzaileak, Dario Guibert kontrabaxu jotzaileak eta Mikel Urretagoiena ordiziar bateria jotzaileak osatzen dute hirukotea. Iaz 'Venga que sí' diskoa kaleratu zuten.
Trezz jazz hirukoteak kontzertua egingo du bihar, 20:00etan, Ordiziako Kirkil tabernan. Luismi Segurado pianoan, Dario Guibert kontrabaxuan eta Mikel Urretagoiena ordiziarra baterian, Musikene musika kontserbatorioan ezagutu zuten elkar. Laguntasun horren isla da Trezz proiektua.
Iaz Venga que sí diskoa argitaratu zuten. Konposizio propioekin, bakoitzaren eragin eta esperientzia musikalak uztartu dituzte. Lagun minak izanik, elkarrekiko konexio hori zuzenekoetan ere agertzen da. Gaur Gasteizko Dazz Club-ean joko dute, eta bihar, Ordiziara eramango dute zuzenekoa.