Zaldibiako Ardiki Elkarteak antolaketa utzi egingo du
Jarraipenaz hitz egiteko bilera bat antolatu dute. Bihar izango da, 19:00etan, udaletxean.
«Honaino heldu gara» esaldia Zaldibia.org webgunean publikatuta, Ardiki Kofradiak bukatutzat eman du urriko azken igandeko Ardiki Egunaren antolaketa. Hiru hamarkadatan prestatu dute festa hori, baina aurtengoa jada ez dutela antolatuko iragarri dute, eta erreleboa eskatu dute. Jarraipenaz hitz egiteko, bilera bat antolatu dute, bihar 18:00etan, udaletxean.
Honela dio, hitzez hitz, Zaldibiako Ardiki Elkartearen idatziak:
“Ardiki Kultur Elkarteko kideok, ia 30 urtetan herriarentzat hain kuttuna den Ardiki Eguna antolatzen aritu ondoren, gelditzeko erabakia hartu dugu. Saiatu gara azken urteetan erreleboa lortzen, baina momentuz behintzat ezinezkoa izan da.
Otsailaren 21ean udal ordezkariekin egin dugun bileran, erabakiaren berri eman eta herri-deialdi zabala egitea adostu dugu. Martxoaren 14an izango da bilera hau, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko areto nagusian.
Gure lan-taldea honaino iritsi bada ere, Ardiki Egunak jarraipena izatea nahiko genuke. Talde berriak modu eta haize berriak ekartzea litzateke normalena. Ardikia eta artzaintza goratzeko modu ugari egon daitezke, 30 urteotan gu ere saiatu gara bide horiek miatzen. Laguntza behar izatekotan, inguruan izango gara horretarako prest.
Ardia, ardikia eta artzaintza gure herriaren iragana, oraina eta etorkizuna ere izanik, ea ba aurrera egiten duen Ardiki Egunak”.