Goierri garaiko bost erakundek jaso dute Kode Etikoaren ziurtagiria
Legazpiko Aldabea apartamentuek eta Urretxuko eta Zumarragako Berit, Bidezar eta Urzubi tabernek eta Zelai pentsioak jaso dute ziurtagiria.
Asteartean, Donostiako Kursaal jauregian, Turismoaren Kode Etikoarekin bat egiten duten euskal turismo erakunde berriak aintzatesteko ekitaldia egin zuten. Kalitate programa horrek Euskadiko turismoaren balio etikoekiko eta bikaintasunarekiko konpromisoa nabarmentzen du. Legazpiko Aldabea apartamentuek eskuratu dute ziurtagiria Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Urretxuko eta Zumarragako Berit, Bidezar eta Urzubi tabernek eta Zelai pentsioak ere jaso dute ziurtagiria.
Aurretik, Goierri garaiko zortzi enpresek eskuratu zuten ziurtagiria: Urretxuko Eire taberna eta Urrelur museoa, Zumarragako Martiamuno landetxea, Urola Garaiko turismo bulegoa, Ezkioko Igartubeiti baserri museoa eta Argindegi ostatuta eta Legazpiko Bergaretxe apartamentuak eta Katilu jatetxea.
Eusko Jaurlaritzak duela lau urte ezarri zuen programa hori, Turismorako Munduko Kode Etikoa hemengo egoerara egokituz. Programa honetan atal hauek aztertzen dira: turistak ulertzen eta errespetatzen laguntzea, berdintasuna, gizarteratzea eta aniztasunarekiko tolerantzia, jasangarritasuna, bertako tradizioaren eta kulturaren sustapena, gizateriaren kultur ondarea zaintzea, bikaintasuna eta profesionaltasuna, pertsonen eskubideak errespetatzea eta tratu egokia ematea sektoreko langile eta enpresariei.