Legazpiko EH Bilduk Mugi txartela udalak kudeatzeko eskatu du
Garraio txartela eskuratzeko, berritzeko eta kargatzeko aurrez aurreko zerbitzua udalak eskaini beharko lukeela uste du, eta tramite horiek egiteko udaletxea, kiroldegia eta Kultur Etxea proposatu ditu.
Legazpiko EH Bilduk Mugi garraio txartela eskuratzeko, berritzeko eta kargatzeko aurrez aurreko zerbitzua udalak eskaintzeko eskatu du.
EH Bilkuko ordezkariek azaldu dutenez, “Mugi txartela garraio publiko guztietan txartel berarekin bidaiatzeko aukera ematen duen tarifa sistema bateratua da. Mugi sistemak abantaila handiak eskaintzen dizkie Gipuzkoako garraio publikoa sarritan erabiltzen dutenei. Baina, Legazpin Mugi txartela eskuratzeko eta berritzeko ez dago aurrez aurreko zerbitzua ematen duen punturik.”
Bezeroari arreta emateko zerbitzu askotan aurrez aurrekoan gabeziak nabariak direla ere adierazi dute, eta “horrek batez ere zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei eragiten die, badaudelako pertsonak ingurune digitala erabiltzeko zailtasunak dituztenak, eta zailtasuna ezintasun bihurtzen da tramitazioa egiteko modu bakarra, bide digitala denean”. Hori da, hain zuzen, “Mugi txartela eskuratu edo berritzeko Legazpin gertatu dena”, gaur egun bide digitala delako Mugi txartel horia eskuratu edo berritzeko modu bakarra.
Horregatik eskatu dio EH Bilduk Legazpiko Udalari aurrez aurreko zerbitzua emateko. “Uste dugu udalak Mugi txartela eskuratu, berritu eta kargatzeko aurrez aurreko zerbitzua eskaintzea beharrezkoa dela. Txartelaren eskaera egiteko laguntza behar duten pertsona guztiei informazioa eman, zalantzak argitu, inprimakiak eman eta betetzen lagunduz. Gainera, uste dugu, zerbitzu hau herriko hainbat lekutan eman behar dela, eta ahalik eta ordutegi zabalenarekin, horregatik, eskatu dugu udaletxeko arreta zerbitzuan, kiroldegian eta Kultur etxean zerbitzu hau emateko”.